Hemen da II. BBK Soinu Barriak Lehiaketea

Bizkaie! 2020-02-12 09:00   Musikea

Finala bagilaren 26an izango da, hiru artista edo musika-talde onenakaz.

Omago, I. BBK Soinu Barriak Lehiaketea irabazi eban taldea. | Ikusi handiago | Argazki originala



BBK Sala
-
k musika arloan lehenengo pausuak egiten dabizan gazteei aukerea emoteko lehiaketea da Soinu Barriak. BBKgaz batera, BBK Soinu Barriak musika-taldeentzako lehiaketearen bigarren edizinoa aurkeztu dabe eta tartean izango dira sariei esker, BBK Live Jaialdiaren 2020ko edizinoan kontzertua eskaini ahal izango dabe, estudioan grabautako 4 abestiko EP diskoa eta bideoklipa egiteko aukereagaz batera.

Horrezaz gan, musika-industriari, egile-eskubideei eta musika-proiektuen sustapenari buruzko informazinoa zabaltzeko eta horren inguruko aholkularitzea jasoteko programa batean parte hartuko dabe.

Lehiaketa honetan Bizkaian erroldautako artistek parte hartu leikie. Aurrekoez gan, lurralde honetan bizi dan kide batez gitxienez osotutako musika-taldeek be lehiatzeko aukerea izango dabe. Azkenik, parte-hartzaileek ez dabe kontratu diskografikorik indarrean euki behar. Musika-genero guztiak (rocka, popa, soula, R&Ba, hip hopa, trapa, elektronikea, surfa, garajea, folka, metala...) onartzen dira.

Parte hartzen daben talde eta artisten originaltasuna, nortasuna, potentziala, talentua eta karismea sarituko dira.


Izena emoteko inprimakia

BBK Soinu Barriak Lehiaketan parte hartzeko eskabidea bete eta bialdu soinuberriak@bbk.eus helbide elektronikora, gitxienez hiru kantugaz eta gehienez bostegaz batera, honako formatuetan: .mp3, .aiff edo .wav. Izena emoteko epea apirilaren 10eko gaueko 12:00etan (24:00etan) amaituko da.

Lehiaketearen zuzendaria Deu Txakartegi da. Elias Monreal (Last Tour/Meyo Records/Encarta Club), Koldo Bilbao (BBK Gizarte Ekintza), Deu Txakartegik (WAS/We Are Standard), baieztatu barik dagoan musikari bat eta Iker Barbara (Zarata-Mondosonoro) dira epaimahaikideak. Finala bagilaren 26an izango da, hiru artista edo musika-talde onenakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu