Informatikari Euskaldunen Biltzarra egingo dabe maiatzean
2020-02-12 08:40 Euskerea berbagaiAdimen artifiziala izango da gaia, eta komunikazinoak hilaren 24ra arte bialdu leitekez.
Informatikearen eta teknologia barrien alorrean dabizan profesional euskaldunen topagunea barriro antolatuko dau UEUk, oraingo honetan maiatzaren 21ean, Donostian, Unibertsitatea.net eta Sustatu agerkariek zabaldu dabenez. Dagoeneko egun horretarako egitaraua atontzen hasi dira, eta, beraz, komunikazinoak bialdu nahi dituenek epea zabalik dabe, zezeilaren 24ra arte.
Aurtengo gaia adimen artifiziala izango da, azkenaldion aurrerapen ikaragarria izan dauen alorra, eta jentearen egunerokoan gero eta sartuago dagoan fenomenoa. Nazinoartean hazkunde horren adibide garbiak ikusi geinkez: hainbat herrialdetako proiektuak, Txinaren eta AEBen arteko lehia, robotizazinoak eta adimen artifizialak lan egiteko moduetan izango dauen eragina eta unibersidadeetan emoten jakon garrantzia. Azken horren harira, UEUk gogoratu dau adimen artifizialaren inguruko gradu barria sortu dauela EHUk.
Medikuntzeak, hezkuntzeak, administrazinoak, industriak eta halakoek robotikan, hizkuntzearen prozesamenduan –itzulpen automatikoan, ahotsaren ezagutzan eta sintesian…–, ikusmen artifizialean eta abarretan egindako aurrerapenak be aitatu ditu UEUk.
Biltzarrean parte hartu nahi dabenek, adimen artifizialagaz lotutako komunikazinoak bialdu beharko ditue, beraz. Halandabe, topaketearen sortzezko helburuagaz bat eginda, informatikan euskeraz lan egitearen ingurukoak be aurkeztu leitekez.
Argibide gehiago eta komunikazinoak bialtzeko pausuak hemen.
1996an antolatu eben lehenengo aldiz Informatikari Euskaldunen Topaketea (gero Biltzarra izatera pasau zan), Donostian. Harrezkero, gitxi gorabehera urte birik behin egiten dabe, euskeraz behar egiten daben informatikarien alkargune izateko eta momentu bakotxeko gai nagusiak sakontasunez aztertzeko asmoz. Edizino bakotxeko gai nagusiak ikusita, mende laurenean informatikeak izan dauen aurrerapena erraz ikusten da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!