Interneten erabilerea gehitu, eta egunean hiru ordu baino gehiagokoa da
2020-02-12 08:10 Pil-pileanEU Kids Online nazinoarteko ikerketa sareak 2020ko datuak argitaratu ditu.
Europako 19 herrialdetako umeek Internet zelan erabilten daben azaltzen da txostenean eta emoitzen arabera, gehienek erantzun dabe smartphoneak egunero edo ia etenbarik erabilten dituela. Datu horrek esan nahi dau nabarmen indartu dala bai smartphoneen erabiltzaileen proportzinoa, baita horreen erabilera denporea be, 2010eko EU Kids Online ikerketearen aldean. Halan da be, herrialde batzuetan edade txikikoek Interneten emoten daben denporea bikoiztu egin dala emoten dauen arren, oraindino gurasoen, irakasleen edo lagunen aholkua behar dabe segurtasunari jagokonean. Kontua da ze umeek esperientzia txar bat dabenean sarean, batez be familiagaz edo lagunekaz berba egiten dabela, eta oso gutxitan irakasleakaz.
Internet Seguruaren Egunean argitaratutako txostenak dakarrenez, umeek online emoten daben denporea aldatu egiten dala, ordu bi (Suitza) eta hiru ordu eta erdi (Norvegia) artean. Espainian, denpora hori egunean 3,1 ordukoa da. Europan Internetek umeei eskaintzen deutseen aukerak eta dituan arriskuak azaltzen ditu EU Kids Online 2020: 19 herrialdetan egindako txosten barriak. EU Kids Online sareko ekipoak lankidetzan ibili dira 2017ko udagoienetik 2019ko udara bitartean, eta Europako 19 herrialdetako 25.101 umeei egin deutse inkestea.
Europa osoko inkesta honetan, 9 eta 16 urte arteko umeek Interneten dituen esperientziak ikertu ditu: ziberjazarpena, eduki kaltegarriak ikustea, datuen erabilera okerra, Internet gehiegi erabiltea, sextinga eta Internet bidez ezezagunakaz hartu-emonetan egotea. Ikertzaileen esanetan, sareko jarduerak ezin dira modu orokor eta behin betikoan positibotzat edo negatibotzat jo, izan be, jarduera batek ondorio positiboak izan leikezalako ume batentzat eta negatiboak beste batentzat. Horixe da Interneten ezagutu dituen personakaz batzean jazoten dana. Umeen % 5 (Frantzia) eta % 25 (Serbia) artean, sarean ezagututako persona bategaz alkartu ziran. Kasu gehienetan, persona barriak ezagutzea esperientzia positibo eta interesgarria izan zan. Online ezagututako persona bategaz alkartu ziran edade txikikoetatik % 52 (Eslovakia) eta % 83 (Espainia) eta % 86 (Errumania) artean, esan eben pozik egozala hitzorduaren ondoren.
Irakasleen eta profesionalen laguntzino faltea
Umeen % 7 (Eslovakia) eta % 45 (Malta) artean deseroso edo txarto sentidu dira sarean jazotako zeozerengaitik; horreetatik, gehienek esan dabe noizbehinkako kontua dala. Esperientzia negatibo horri zelan erantzuten deutsen galdetuta, gehienek esan dabe gurasoei edo lagunei kontetan deutsiela, baina oso gitxitan irakasleei. Gainera, gitxienez hamarretik batek eta gehienez bostetik batek inoiz edo ia inoiz ez dau segurtasunari buruzko aholkurik jasoten guraso eta irakasleakandik.
Espainiako datuak
Espainiako umeek eta nerabeek sarean egiten dituen eta komunikazinoagaz zein entretenimenduagaz zerikusia daben jarduerek gora egin dabe 2015etik hona. Azpimarratzekoak dira lagunekaz eta familiagaz komuniketako jarduerak (% 70) eta aisialdiko jarduerak, berbarako, musikea entzutea (% 63), bideoak ikustea (% 55) eta online olgetea (% 46), egunero egiteko jokerea dabela. Emoitzen arabera, parte-hartzeari eta gizarteari loturiko jardueretan parte hartzeko interesa txikiagoa da. Gainera, neurri txikiagoan bada be, azpimarratzekoa da Interneten erabilerea etxeko lanak egiteko (% 43) eta sare sozialak erabilteko (% 37).
Gaitasun sozialak eta instrumentalak dira Espainiako gazteen artean zabalen dagozanak; alderantziz, sorkuntza gaitasunak eta informazinoaren kudeaketeari loturikoak ez dira hain ohikoak. Datuok berresten dabe beharrezkoa dala eskola bitartekaritzea hobetzea. Umeek sentiduten dabe eskolearen parte dirala, irakasleen babesa dabela eta euren laguntzinoa jaso leikiela; halan da be, irakasleek ez dabe umeek sarean egiten dabena gainbegiratzen, eta jokera handiagoa dabe erabilerea mugatzeko (% 39) jarrera proaktiboa izatekoa baino (% 29) edade txikikoen sareko jarduerei buruzko gomendioak emoten dituenean.
Neskek arrisku handiagoa dabe
Neska nerabeen artean, altuagoa da honako eduki honeek ikusteko maiztasuna, khi karratuaren probearen arabera (p <0,01): auto-lesinoak (% 6 nesketan eta % 2 mutiletan), suizidioa (% 5 eta % 1), oso argal egotea –anorexia eta bulimia arazoak (% 4 eta % 1), gizarteko taldeen kontrako gorroto mezuak, etnia, ideologia, erlijinoa, sexua edo beste arrazoi batzuk dirala eta (% 12 eta % 4). Neskak askoz gehiagotan egon dira egoera deserosoetan Interneten (% 40), mutilen aldean (% 29). Gurasoek gehiagotan animetan ditue mutilak neskak baino sarea arakatu deien; neskei, barriz, muga gehiago jarten jakez.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!