Gladioloreak, Katuak Resurrection, Iluek eta Sumendiola taldeak izan dira irabazle

Bizkaie! 2020-02-11 09:46   Bertsolaritzea

Sumendiola bete poto taldeak finalaurrekoetarako txartela lortu dau.

Kuadrillarteko 3. asteburuko 4 saioak jokatu ostean, azken eta erabagigarria izango dan hurrengo astegoieneko 3 saioei begira da ligea. Lau saio jokatu dira Gasteizen, Kakiturrin, Gaztetxean, Errekaleorreko Gaztetxean eta Mendiolan. Astegoieneko hotz-beroak kendu zituen bertsolarien doinu eta errimakaz.
Kakiturriko Gladioloreak (Gasteiz), Muinoko Katuak Resurrection (Gasteiz), Konde Basoko Iluek (Aramaio) eta Sumendiola bete poto (Gasteiz) taldeak izan dira irabazle saioetan, azken hau, A ligako irabazlea izan da eta beraz finalaurrekoetarako txartela lortu dau, Agurainen kantauko dabe datorren zezeilaren 29an.


Muinoko katuak resurrection eta Lautadako ahuntzak

D ligako bigarren saioa egin da Gaztetxean. Etxeko taldea Muinoko Katuak Resurrection izan da eta gonbidatuak Zalduondotik etorri diran Lautadako Ahuntzak (belarri eta guzti). 21:00ak aldera batu dira 60 lagun afalorduan eta barruko hotza giro parebakoagaz berotu dabe bertsolariek. Gaztetxera hurreratu garen guztion poz nagusiena Ekaitz Samaniego gure artean egotea izan da! Ondo etorri Ekaitz!

Maialen Kortabarria ibili da gai-jartzaile lanean, beti bezain fin. Saio honetan idatzizko modalidadean talde bi izan ditugu; lehenik Palmondo Tristeak ibili dira: 10 bat lagun Gaztetxeko eszenatokira mozorrotuta igon dabe gitarra baten laguntzaz, tartean Ekaitz. Gaztetxeko gazteek hareei buruzko hainbat bertso sorta kantau ditue, eta erritmoa jarri deutse batak besteari botatakoei. Bigarrenik, Amaia zentroko bertso eskolako lagunak izan ditugu: hiru promesa gazte Ander Solozabalen gitarrearen laguntzaz. Muinoko katuak izan ditue jopuntuan eta Bidelapurraken Harraparia abestiagaz ekin deutsie.

Bat bateko saioari jagokonean, etxeko taldea hasi da agurragaz; zazpi gazte mitikoz osotutako taldea, Maialen Saez de Okariz, Amaia Lasaga, Maite Solozabal, Uxue Ruiz de Arkaute, Iñaki Viñaspre, Ekaitz Samaniego eta Ander Solozabal. Aspaldiko kontuak ekarri ditue gogora, adibidez, zelan printzipaletik behera jausi jaken behin bonboa. Hareek argi itxi dabe Lautada irabaztea erraza dala eta holan hasi zan inoiz banandu ez diran katuen resurrekzino galea. Lautadako 4 ahuntz etorri dira: Oihane Perea, Aitor Najera, Markel Yoller eta Irati Anda. Katuek bezela doinuagaz mozorrotuta eta koro eta guzti, natural-natural ibili dira beste taldekideei buruz barriketan.

Hurrengo ariketetan egun pil-pilean dagozan gaiak jorratu ditue: Iñaki eta Irati greba orokorrari buruz eta jada hildako 14 langilei buruz ibili dira. Bestetik, Oihane eta Ander politikari bihurtu dira eta euren buruak lehendakaritzara aurkeztu ondoren telebistako debate saio batean sartui ditu gaiak. Lau oinak emonda Uxue eta Markel ibili dira; biek oso airoso gauzatu ditue bertsoak. Aitorrek eta Maitek zortziko nagusian bertso bana sortu behar izan ditue. Biak gauagaz lotuta, etxetik irten eta berriro / liatu naiz gaur gauean amaiereagaz. Aitorrek eguen gauak ekarri ditu gogora eta Maitek, aldiz, gauak, kaleak gureak dira / ozen esan ahal dugu amaiereagaz, emakumeen indarra goraipatu dau.

Kopletako saioa Beñat Goitiak gitarraz lagunduta etxeko taldeak hasi dau eta bertan Ekaitz, Amaia eta Uxue ibili dira kantuan, bertsoez kokotaraino dagozan gaztetxeroak izanik. Lautadako Irati, Aitor eta Oihane ahuntzak bertxokotarrak izan dira eta euren ezizenak bilatzen ibili dira. Oihanek argi dau berea Nik dut barrena gorria, puntua ondo jarria ni izango naiz irratsaioko amona mantalgorria.

Epaileek euren lana bete bitartean agurrak bota ditue. Kanpoko taldeak, gitarrea izan dau bidelagun barriro be, publikora bideratu ditue eskerrak eta Ekaitzen ondo etorria eta beste taldeko emakumeen birsortzea goraipatu dabe. Muinoko katu-en azken agurra Maitek bota dau, hunkigarria izan da eta barruko gogoetak izan ditu ardatz, bidea bizi eta gozau nahi duzuena izaten esaten amaitu da bertso saioa.


Kakiturriko Gladioloreak eta L.P.R. Lautadako Phoemian Rhapsody

Zezeilaren 7an, Gasteizko Kakiturri alkartean topaketa ederra izan za bertsozaleontzat. Kakiturriko Gladioloreek antolatuta, gau-jai alaia gozau eben bertaratutako 30 bat lagunek.

Patxi Epelde gai-jartzailearen eskutik, Gladiolore-en bertso idatziakaz inaugurau eban Bettok saioa. 26 urte bertsotan, bizitza erdia oin artean pausoka; orain arteko ibilbideari errepasoa egin eta bidaide izandako lagunei omenaldia egin eutsen, Felipe Zelaietaren gitarrearen doinuan.

Gero etorri ziran talde bien aurkezpenak. Batetik, Kakiturrikoak Gladiokolorez bete eta argi itxi eben Xabi Ricok, Juan Mari Juaristik, Asier Otamendik eta Ander Aranburuk ohituta dagozala aurrera egiten.

Horren aurrean, ostera, Mikelats Jausoro, Eneko Fernandez de Landa, Beñat Cano, Ruben Sanchez eta Oier Arbina rapsodak ez ziran kikildu, eta bildurrik barik erantzun eben Gladioglorien garaia pasau zala, belaunaldi barria prest egoala lekukoa hartzeko.

Ofizioetan, zortziko handian, migratzaileak erreskatau gura eta ezinean egon zan Mediterraneo itsasoan Oier boluntarioa, izan be, aurrez aurre eban Asier, portuko agintaritzako burua, migratzaileak porturatzea galarazoten eutsona.

Zortziko txikian, Rubenek tirabirak izan zituan Juan Mari semeagaz, sakelako telefonoa dala-eta.

Lau oinetan, Xabi Ricok berbagai izan eban Ebaristo, Lautadako Kristo. Eta Enekok aukera aprobetxau eban afaria musu-truk nahi ebala botateko.

Amaierea emonda, Beñat eta Ander ibili ziran: lehenengoa, trenbideak Lautadara ekarritako aldaketei buruz; eta bigarrena, martiaren 3ko jazoerez.

Hasierea emonda, Juan Mari umoreaz, Zarautzez eta Gasteizez ibili zan. Rubenek, barriz, hamaika ofizio, hamaika miseria esaereari bueltea emon eta argi itxi eban gustura ibilten dala bere proiektuetan.

Kartzelaren ariketan, hauteskundeetarako zerrendaburua aukeratzen ibili ziran talde biak, eskutan zituela laranja bat, kaio bat eta pakete berde argi bat. Rapsoden aldean, Oier, Mikelats eta Eneko; Gladioloreenean, Xabi Rico, Juan Mari eta Ander.

Azkenik, Jon Zelaieta gitarran lagun ebela, koplatan hasi ziran bertsolariak. Xabi Ricok, Anderrek eta Asierrek, dutxan zirala, euren pentsamenduak be biluztu zituen, eta urte barrirako asmoak beteten ete ebizan jakin genduan. Rapsoden txandea heldu zanean, Mikelats, Ruben eta Eneko ezkongaien papelean sartu ziran, Eleizak emondako ikastaroaren amaieran, kapaz ete ziran eztabaidatzen.

Agurren garaian, esker oneko berbak izan zituen danek, bai aurkariakazko, bai entzule eta laguntzaileakazko.

Eta azkenik heldu zan epaia: Gladioloreak irabazle. Burrukan jarraitzeko pasea irabazi dabe.


Sumendiola Bete Poto eta Altubepekoak

Joandako astegoienean jokatu da Arabako Bertso-kuadrillartekoaren A ligako azken saioa. Uriburuko Sumendiola bete poto-ko kideak Aiaraldeako Altubepekoak taldeagaz bazkaldu eben. Judimendi auzoko SUmendi espazioko lagunen bertso-sorta idatziagaz hasi zan saioa. Sumendiola bete poto-k irabazi eban giro epel eta bikaineko saioa. Zezeilaren 29an erronkea dabe zain Agurainen.


Bazaar Xanmapelezuin eta Konde basoko iluek

Hogeita bost lagun inguru batu ziran Gasteizko Errekaleorreko gaztetxean. Bazkaldu ostean, Aramaioko ​Konde basoko Iluek eta Gasteizko ​Bazaar Xanmapelezuin taldeak entzuteko aukerea izan zan.

Etxeko taldean Aroa Arrizubieta, Xabier Antia, Mikel Martin, Elisabet Zaldua, Peio Ormazabal eta Unai Anda aritu ziren kantuan. ​Konde basoko Iluek taldetik, Xabi Igoa, Paula Amilburu, Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi entzun genituen. Idatzizko modalidadean, Bertxilika​-ko taldekideak ibili ziran.

Idatzizkoen ostean, agurren errondea etorri zan. Talde biek koreografia profesionalez lagundu
ditue bertsoak eta ​Bazaar Xanmapelezuin​-en agurrean Aitor Ugarte entzuteko aukerea be izan zan.

Amaierako agurretan, bertsolariek kopla bana bota eben.

Azkenean, ​Konde basoko Iluek taldeak irabazi dau. Segurutik, epaileek talde gasteiztarraren izena ikustean hartu eban erabagia. Azken finean, Aitor Ugartek hasierako agurrean esan eban, izena zortzi aldiz irakurrita be ezinezkoa da ikastea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu