Euskerea kirolean erabilteko pausu sendoak

Bizkaie! 2020-02-11 08:47   Euskerea berbagai

BIKEE egitasmoko kirolari eta erakundeek topaketea egin dabe Bilbon.

Bizkaia frontoiko ekitaldia (argazkia: BFA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko kirolarien artean euskerearen erabilerea zabaldu eta gure hizkuntzea lanerako tresna natural bihurtzeko asmoz, BIKEE egitasmoa ipini eban martxan Foru Aldundiak (Bizkaian Kirola Ere Euskaraz da BIKEE). Bilboko Bizkaia frontoian batu dira proiektu horren lehenengo fasean parte hartu daben kirolariak, klubak eta erakundeetako ordezkariak, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura, Euskera eta Kultur Saileko diputadua buru.

Ekitaldi horretan, batetik, orain arte euskerea kirolean zabaltzeko egitasmoaren parte izan diranei omenaldia egin deutsie. Bestetik, lekukoa pasau deutsie kirolaren arloko beste eragile batzuei, euskerearen normalizazinoaren aldeko lan horretara batu daitezan. Lorea Bilbaoren arabera, lekuko hau Bizkaiko euskerearen eta jarduera fisikoaren sustatzaile guztien lana adierazoten dauen tresna bateratzailea da, talde lana irudikatzen dauen sinboloa.

BIKEE egitasmoaren lehenengo pausua federazinoen barruan euskerearen erabilerea sustatzea izan zan. Hainbat kirol modalidadetan euskerearen presentzia aztertzeko diagnosia egin eben, kirol bakotxean erabilerea bultzatzeko neurri egokienak adosteko. Aldundiak aholkularitza teknikoa, materiala eta laguntzinoa emon eutsen federazinoei.

Orain, asmo handiko bigarren fasean, Bizkaiko kirolean inplikautako eragile guztiak kontuan hartzea da helburua, hareekaz komunikazinoa euskeraz egin ahal izatea bermatzeko. Bizkaia Bizkaialde Fundazinoko kide diran klubek eta 16 kirolariek jaso dabe konpromisoa adierazoten dauen lekukoa.

Foru Aldundiak bultzatzen dau BIKEE, Bizkaiko Kirol Federazioen Alkarteagaz (Asfedebi), kirol federazinoakaz eta Eusportegaz lankidetzan. Kirolaren bidez, edade txikikoek euskerea natural egin deien bilatzen dabe, izan be, garapen integralerako tresnea izateaz gan, euskerearen aurrerabiderako eta normalizazinorako eremua be bada kirola. BIKEEk euskerearen erabilera soziala sustatzen dau edade goiztiarretatik, eta jarraipena emoten deutso kiroleko prestakuntza-ibilbide osoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu