Finalaurrekoetan dira Berako Lamixene eta Malerrekako Bertsonautak taldeak

Bizkaie! 2020-02-10 07:45   Bertsolaritzea

Leitzan, Lesakan eta Otsagabian zehaztuko dira finalaurrekoak. 

Elgorriagan, Lizarran, Barañainen eta Iruñean jokatu dira Bardoak Nafarroako Taldekako Bertsolari Txapelketako bigarren asteburuko saioak, bost guztira. Lehenengo faseko azken astegoien baten faltan, talde bik finalaurrekoetarako sailkapen zuzena lortu dabe honezkero: Berako Lamixene eta Malerrekako Bertsonautak.

Bost saio jokatu dira 2020ko Bardoetako bigarren astegoienean eta finalaurrekoei begira gauza batzuk argitzen doaz. Astegoienekoakaz, lehenengo faseko 13 saioetatik 10 jokatu dira honezkero eta astegoien baten faltan, finalaurrekoetako txartela eskuratu dabe Berako Lamixene eta Malerrekako Bertsonautak taldeek.

Joandako barikuan hiru saio izan ziran. Lehenengoan, Elgorriagako ostatuan jokatutakoan, eskualdeko Bertsonautak eta Larraun da Araitz. Bi dozena taldeak izan ziran kantuan, eta lehenengoek irabazi eben puntua, Maialen Belarra gai-jartzaile zala. 50 lagun inguru batu ziran ostatuan, giro ederrean.

Barañaingo Gaztetxean jokatu zan barikuko bigarren saioa, eta herriko Bertsopiztiak eta Erroibar eta Aezkoa bailaretako Pirini Bardo taldeak izan ziran parez pare, 30 lagunen aurrean. Zuhara Zaratiegik eta Enma Murillok egin zituen gai-jartzaile lanak. Azkenean, etxean gelditu zan puntua.

Ordu beretsuan izan zan Lizarrako saioa, herri horretako Gure Geroa Alkartean. Bertan, 40 lagun ingururen aurrean kantau eben Lizarrako bardeak eta Leitzako Atekaberts komeni taldeek. Talde bisitariak eskuratu eban saioko puntua.

Zapatuan, barriz, Iruñeko Zaldiko Maldiko Alkartean jokatu zan saioa, eta bertan izan ziran etxeko Drimtin eta Berako Lamixene taldeak. Xabier Terreros izan zan aurkezle, 50 lagunen aurrean. Azkenean, Berako taldeak eskuratu eban puntua, saio bitan bigarrena eskuratuz eta holan, finalaurrekoetarako sailkapena ziurtatuz.

Domekan, azkenik, Barañaingo Akelamendi Alkartean izan zan saioa, herriko Ipar Haizea eta Malerrekako Bertsonautak taldeak batu zituana; azken horrek eskuratu eban puntua, bere bigarrena eta beraz, finalaurrekoetan egoteko txartela irabazi eban.


Hiru saio lehen fasea amaitzeko

Datorren astegoienean jokatuko dira Bardoetako lehen faseko azken hiru saioak, Leitzan, Lesakan eta Otsagabian eta orduan zehaztuko dira finalaurrekoak. Lau multzotan banatuta dagoz orain taldeak, eta sei talde pasauko dira hurrengo fasera: lau multzo horreetako lehenengoak, D multzoko bigarrena, eta A,B eta C multzoen arteko bigarren sailkatuetan onena. Txapelketako egiturea hemen ikusi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu