II. Hiriko Soinuak-eko irabazleek El Drogasegaz batera kantauko dabe
2020-02-10 10:50 MusikeaHitzordua doban izango da maiatzaren 9an.
Banda gazteek eta bakarlariek izena emoteko epea zabalik dago martiaren 18ra arte. Nabarmentzekoak dira, sarien artean, Gaua Produkzinoak estudioetan disko bat grabau, produzidu eta masterizetako aukerea eta 2020ko Bay Of Biscay Festivalean kontzertua eskaintzekoa.
Hiriko Soinuak lehiaketearen 2019ko edizinoaren erantzuna sano ona izan zan: 99 artistak hartu eben parte (35, Barakaldokoak) eta 2.000 lagun inguru hurreratu ziran Barakaldoko Herriko plazara Burning, The Manilas eta sariketako irabazleetako hiru zuzenean ikustera (Lemy River -kategoria nagusia-, Sara Zozaya -Bardintasun kategoria- eta La Nevera Vacía -Barakaldoko artistarik onena-; laugarren irabazlea -euskerazko artistarik onena- Lanbroa izan zan).
Barakaldoko Udalaren eskutik, aurten be Euskal Autonomia Erkidegoko talde zein bakarlariei zuzendua egongo da sariketea, disko bi baino gitxiago dituen talde eta barkalariei hain zuzen be, eta lau kategoria izango ditu: kategoria nagusia, Barakaldoko artistarik onena, Bardintasun kategorian artistarik onena eta euskerazko artistarik onena.
Behin izen-emote epea zarratuta, epaimahai profesional batek erabagiko dau zeintzuk pasauko diran finalera. Azken saioa, dobakoa, apirilaren 4an izango da, Barakaldoko San Bizente parkean eta 9 talde edo bakarlarik parte hartuko dabe, horreetatik hiru sari nagusirako hautagai izango dira, beste hiruk Barakaldoko artistarik onenaren saria izango dabe jokoan eta beste hiruk, Bardintasun saria. Epaimahai profesionalaren botoen arabera izentauko dira irabazleak; finalean bertan publikoak emondako botoak be kontuan izango dira azken erabagia hartzeko. Euskerazko artista onenaren saria epaimahaiak berak emongo dau zuzenean.
Hiriko Soinuak lehiaketearen bigarren faseak maiatzaren 9an, Barakaldoko Herriko plazan egingo dan jaialdia dakar: sariketako irabazleak El Drogasegaz batera zuzenean. Ez dau aurkezpen handirik behar Enrique Villarreal El Drogas-ek. Barricadaren sorrerako kide izandakoak ia hamarkada beteko bakarkako ibilbide oparoa daroa. Bere azken diskoa Solo quiero brujas en esta noche sin compañía izeneko album boskoitza da. Barakaldon aurkeztuko dau maiatzean; gogoratu oraintsu BECen sekulako erantzuna izan ebala La Polla Records-en kontzertuetako artista gonbidatu legez.
Sariak
Hiriko Soinuak lehiaketan jokoan izango diran sarien artean dagoz Bay of Biscay Festival 2020an kontzertua eskaintzeko aukerea (garagarrilaren 24tik 26ra) eta Gaua Producciones estudioetan disko bat grabau, produzidu eta masterizau.
Barakaldok beti izan du eta dauka musika kultura handia. Hori dala eta herriko talde gazteenakaz ekimenen bat antolatzea planteau dogu beti. Igaz, parte hartze bidezko aurrekontuen bitartez, herritarrek talde-Lehiaketa bat martxan jartea eskatu euskuen eta Enekoren laguntzeari esker Hiriko Soinuak jaio zan. Hasieratik harritu gintuan taldeen artean izan eban harrereak. Ia 100 parte-hartzaile izan ginan, adierazo dau Amaia del Campo Barakaldoko alkateak.
Barakaldoko Udala enpresa barritzaileak eta tokiko taldeak buztartuko dituan proiektu aitzindaria lantzen dago: Pormetxeta Music Lab dau izena, gazteentzako heziketa eta musikearen inguruan sormena eta barrikuntzea barruratu ditu, Barakaldo musika-munduko hezkuntzan erreferente bilakatuz. Produktoreen, soinu teknikarien, logistikako adituen, diseinatzaileen profil profesionalak sortuz, esan dau Del Campok.
Zer egin behar da parte hartzeko
www.barakaldo.eus atarian eskuragarri dagoan izen-emote inprimakia bete eta martiaren 18a baino lehen hirikosoinuak@gmail.com helbiera bialdu behar da. Inprimakiagaz batera honakoak be bialdu beharko dira: abesti bi mp3 formatuan, promozino argazkia zein proiektuaren biografia eta taldekideen NANen fotokopiak edo errolda-ziurtagiriak, jatorria EAEn dabela egiaztatzeko. Barakaldon erroldauta gitxienez taldekide bat daben proiektuak Barakaldoko artista onenaren sarirako hautagai izango dira, baita gainerako sarietarako be. Bestetik, taldekideen gitxienez erdiak emakumezkoak dituen proiektuak Bardintasun sarirako hautagai izango dira, baita gainerako sarietarako be.
Kategoriak eta sariak
- Kategoria nagusiko artistarik onena: Gaua Produkzinoak estudioetan disko bat grabau, produzidu eta masterizetea.
Bay of Biscay Festival jaialdian kontzertua (2020ko garagarrilaren 24tik 26ra); eta Hiriko Soinuak jaialdian kontzertu (2020ko maiatzak 9, Barakaldo).
- Barakaldoko artistarik onena: Gaua Produkzinoak estudioetan disko bat grabau, produzidu eta masterizetea; eta Hiriko Soinuak jaialdian kontzertua (2020ko maiatzak 9, Barakaldo).
- Bardintasun kategoriako artistarik onena: Gaua Produkzinoak estudioetan disko bat grabau, produzidu eta masterizetea; eta Hiriko Soinuak jaialdian kontzertua (2020ko maiatzak 9, Barakaldo).
- Euskerazko artistarik onena: Gaua Produkzinoak estudioetan disko bat grabau, produzidu eta masterizetea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!