Jaurlaritzako Kultura Sailak 87 musika proiektu babestu zituan igaz

Bizkaie! 2020-02-07 13:19   Musikea

Konposizinoa, zuzeneko kontzertuak eta zikloak dagoz onuradunen artean, besteak beste.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, 2019ko kontzertu baten (argazkia: EOS) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak 2019an erkidegoko musikagintzeari laguntzeko egindako ahaleginaren laburpena egin dau. Sei deialdi edo modalidadetan banatuta, 87 proiektu babestu zituan, 660.000 euroko inbertsinoa eginaz.

Lehenengo modalidadea partituren edizino inprimatua laguntzera zuzenduta dago, eta igaz 42.548 euro emon ziran, hamar ekimenen artean banatzeko: CM Ediciones, Orpheus Music, Euskal Herriko Txistulari Alkartea eta abar egon ziran onuradunen artean.

Beste modalidade bat euskal artista eta taldeen proiektu bateratuak babesteko da. Igaz 37 ekimen lagundu zituan diruz Jaurlaritzeak, eta tartean artista ezagunek aurkeztutakoak. Besteak beste, Zea Mays, Josu Okiñena, Ensemble Kuraia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Izaro, Lauroba edo Diego Vasallo agiri dira zerrendan. 165.262 euro bideratu ziran atal horretara.

Hirugarren modalidadeak euskal eszenako eragileek bultzatutako enpresa-ekimen musikalak babestea dau helburu. 215.028 euro erabilita, 17 ekimenek jaso eben laguntzinoa, tartean Bilboko Kafe Antzokiak, Serrano Produkzinoek, Elkar argitaletxeak, Mauka Musikagintzak eta Baga-Biga diskoetxeak.

Laugarren atala, Zuzen-zuzenean izenekoa, zuzeneko musikea programetan daben areto pribatuentzat da. 2019an, 140.000 euro emon eutsiezen 11 eragileri. Azpeitiko Sanagustin Kulturgunea, Bilboko Kafe Antzokia, Gasteizko Helldorado eta Donostiako Dabadaba aretoa izan ziran modalidade horren bidez diru-laguntzinoak jaso zituen eragileetako batzuk.

Musika zikloen atal barria be aitatu dau Jaurlaritzeak. Horren bitartez 47.162 euro banatu zituan hiru ekimen babesteko: Kuraia Musika Garaikidearen Topaketak, Bilbaina Jazz Cluben 2019-2020 Zikloa eta Musikagileak-Musika Garaikidearen Zikloa.

Azkenik, kultur sormenari zuzendutako deialdiaren barruan, 50.000 euro emon zituan Kultura Sailak konposizinoa sustatzeko modalidadean. Felix Ibarrondo, Ramon Lazkano, Ana Barrio edo Javier Quistant egon ziran onuradunen artean.

Beste alde batetik, deialdi edegiko modalidadeez aparte, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak musikeagaz lotutako bestelako ekimen batzuk babesten ditu urtero, izendun laguntzinoen eta antzeko formulen bidez. Abesbatza ugarik daukie laguntzinoren bat, eta, operea sustatzeko, ostera, ABAO babesten dau Jaurlaritzeak.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak, barriz, 2019an 7,9 miloe euroko ekarpena jaso eban, eta Euskal Herriko Gazte Orkestrak beste 200.000 euro eskuratu zituan. Eresbil Musikearen Euskal Artxiboaren kudeaketearen parte izanik, Jaurlaritzeak 328.000 euroko ekarpena egin eban. Musikea sustatu eta sektorean alkarlana bilatzen daben alkarte batzuek zein urteroko musika jaialdiek be laguntzinoak izaten ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu