Ikerketan sakontzeko prest dator Albert Fert EHUra

Bizkaie! 2020-02-07 11:53   Pil-pilean

Nobel Saridun frantziarra Materialen Fisika Sailerako hartu dabe.

Albert Fert (argazkiak: EHU) | Ikusi handiago | Argazki originala

Pasa dan astean zabaldu eban barria EHUk, Albert Fert irakasle eta ikertzailea unibersidade publikoan lanean hasiko da, Materialen Fisika Sailean, Donostian. 2007an Fisikako Nobel Saria irabazi eban Fertek, magnetorresistentzia erraldoiaren aurkitzaileetako bat izateagaitik. EHUk ikerketa lana indartuko dau, eta Albert Fertek eta Magnetismo Taldeak lehendik euki daben lankidetzea sendotu. Aldi berean fase magnetiko eta topologikoak dituen material barriei buruzko azterketak sendotuko dira alkarlanari esker.

Albert Fertek Donostiako postuan egingo dauena eta dituan asmoak azaldu ditu, EHUri egindako adierazpen batzuetan. Lanerako prest etorri dala nabarmendu dau, jasotako sariek ez deutsielako erronka barriak topetako gogoa apaldu. Idea batzuk badituala azaldu dau: Ikerketeak beragaz dakar ideak izatea, fisikearen mundua arakatzeko ze norabide hartu jakiteko. Badakit zer egiteko aukerea dagoan hemen, lankidetzan ibilteko, materia kuantikoaren propiedade barriak topau eta aurrera egiteko.

Fertek eta EHUko lankideek egingo daben ikerketeak aplikazino praktiko ugari eta erabilgarriak izango ditu, adituen asmoak bete ezkero. Esate baterako, energia aurrezteko moduen bila dabiz, mikroprozesagailu barriak diseinauta. Gaur egun, adimen artifizialaren loraldiaren ondorioz, ordenagailuek eta halakoek konsumo ikaragarria dakarre, eta hori hamarren batera jatsi nahi dabe.

Alkarlana beharrezkoa izango da helburuok lortzeko. DIPC eta Nanogunea aspalditik dabiz Fertegaz lankidetzan, eta beste eragile batzukaz batera, elektronikearen beste eredu batzuk sortzeko ahaleginean dabiz.

Etorkizun handiko proiektuak dira, materialen fisika kuantikoaren arloko abangoardian emoitza bikainak lortuko doguz, adierazo dau Fertek. Uste dot ate barriak eregiko deuskuzala Euskal Herriko eta Frantziako ikerketa zentroen arteko lankidetzea bultzatzeko.

Nekane Balluerka EHUko errektoreak azaldu dauenez, Albert Fert EHUko klaustroko kide izatea aukera parebakoa da ikerketa ildoak sendotzeko, batez be magnetismoaren arloan. EHUn egingo dauen lanak balio sinbolikoa be badau, horrek esan nahi dauelako prestigio ikaragarriko ikertzaile batek gure unibersidadearen aldeko apustua egin dauela, ganeratu dau Balluerkak.

Azkenik, Pedro Miguel Etxenike fisikari eta katedradunak be ondoetorria egin deutso Ferti. Agirian geratu da gure inguruan egiten dan zientziaren bikaintasuna, gure unibersidadea ikerketearen buru dala, azpimarratu dau zientzialari nafarrak. Albert Fert DIPC zentroaren lagun ona da [Etxenike DIPCeko presidentea be bada], eta gugaz lankidetzan ibili da azken urteotan, ikerketan zein zientziaren inguruko komunikazino-jardueretan.

Albert Fert, Nekane Balluerka eta Pedro Miguel Etxenike.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu