Rockein! lehiaketan izena emoteko epea zabalik dago
2020-02-07 08:05 MusikeaHego Euskal Herriko bakarlari eta taldeek hartu leikie parte.
Basauriko Rockein! lehiaketearen zortzigarren edizinoa martxan dagoala esan leiteke, izan be, Basauriko Udalak izena emoteko epea zabaldu dau, eta musikariek euren proposamenak bialdu leikiez. Ohiko formatua izango dau: apirilaren 6ra arte izena emon leiteke, eta aukeratutako finalisten kontzertua maiatzaren 22an egingo dabe, Social Antzokian.
Irabazleak hainbat sari izango ditu. Batetik, gitxienez bost kantako diskoa plazaratzeko laguntzino tekniko guztia emongo deutsie, grabazinotik hasi eta diseinu grafikoraino. Bestetik, kantu baten bideoklipa produziduko deutsie. Horrezaz gan, MAZ Basauri jaialdian joten dabe urte bakotxeko irabazleek.
Irabazle nagusiagaz batera, beste sari batzuk be banatuko dira Rockein! lehiaketan. Eskualdeko parte-hartzailerik onena aukeratuko dabe, Basaurikoaz gan, inguruko herrietako udalek be laguntzen dabelako antolakuntzan. Euskerazko talderik onenaren eta publikoaren sariak be egongo dira.
Bakarlari zein taldeek emon leikie izena lehiaketan. Taldeen kasuan, kideetako bat gitxienez Araban, Bizkaian, Gipuzkoan edo Nafarroan jaiotakoa izan behar da, edo bertan bizi dana. Estiloari jagokonez, era guztietako musikea onartzen dabe antolatzaileek, baina, pieza guztiak originalak izan behar dira.
Urteroko parte-hartze altuak (igaz 146 izan ziran) erakusten dabe Rockein! erreferente dala bertoko musikagintzan, Basauriko Udalak adierazo dauenez. Ganera, gero eta kalidade handiagoko artistak aurkezten dirala dinoe.
Oinarriak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!