Eneko Zuloaga: 'Dialektoak ez dira entidade objektibo eta zurrunak'

Koldo Isusi Zuazo 2020-02-10 08:00   Barriketan

Hizkuntzalaria.

Joseba A. Lakarra Andrinua eta Iñaki Camino Lertxundi izan ditu zuzendari eta Mendebaldeko euskerearen azterketa dialektologiko-diakronikorantz tesia idatzi barri dau Eneko Zuloagak, 764 orrialdeko lana, EHUko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak sailean egindako tesia.

Euskal Filologian lizentziadua (Deustuko Unibersidadea), Nerbioi ibarreko euskereari buruzko tesinea idatzi eta bere promozinoko ohorezko matrikulea lortu eban. Eskolak emoten lanean hasi eta Euskal Filologiako eta Hizkuntzalaritzako masterrari ekin eutson UPV/EHUn; master amaierako lanean, bere sorterriaren inguruko sermolari biren euskerea aztertu eban.


1.- Tesi potoloa eta mamitsua aurkeztu barri dozu. Zeintzuk dira tesiaren helburuak?

Azken hamar-hamabost urteotan jokera bat indartu da euskal dialektologiaren arloan: euskalkien historia (eta, horren bidez, euskerearen beraren historia) hobeto ezagutzeko eta berreregiteko ikerlanak ugaritu dira. Neure tesiak jokera horregaz egin dau bat, eta helburu argia izan dau hasieratik: Euskal Herriko mendebaleko euskerearen bilakabidea azaltzeko ekarpena egitea; zehatzago, Erdi Arotik XIX. mendera arteko bilakabidearen barri emotea.


2. Mendebaleko euskerea aitatzen dozu. Zer da mendebaleko euskerea?

Ez Bonapartek bizkaerea, ez Zuazok mendebalekoa deitutakoa, edo ez horreek bakarrik, ezpada Euskal Herriko mendebal zabalean datu linguistikoen bidez bereizi ahal dan dialektoa, garairik garai aldatu egin dana eta muga oso diferenteak izan dituana. Bonaparteren eta Zuazoren mapea eta ezaugarrien zerrendak argigarriak dira euskera modernoaz berba egiteko, baina bizkaierea ez da betidaniko dialektoa: egungo dialektologoen lanetan emoten diran ezaugarriak hartuta hasten zara testuetan bilatzen eta konturatzen zara batzuk XIX. mendean sortu zirala, beste batzuk XVIII.ean, beste batzuk Erdi Aroaren akaburantz... Eta heltzen zara X. mendera eta ikusten dozu mendebaleko euskerea deitu ahal dan dialektoak egungo Bizkaia eta Araba osoak, Errioxa-Burgos aldeko ibar batzuetako euskerea eta Gipuzkoa gehienekoa hartzen zituala.


3.- Aztergaiak eta burukomin handienak zeintzuk izan dozuz?

Neuk aitatutako mendebal oso zabal horretako XVI-XIX. mendeen arteko testu ezagun guztiak edo gehien-gehienak aztertu ditut. Lehenengo testuak begiratuta, ikusten da ezaugarri batzuk lehenago sortuak izan behar ebela, eta Erdi Aroko datuak be erabili behar izan ditut: batez be onomastikea. Burukomin handienak corpusak berak emon deustaz: corpus historikoak beti dira ikertzaileak gura dauena baino askoz txikerragoak, eta txikertasun hori oso nabarmena egin jat euskerearen kasuan. Esaterako, XVIII. mendera arte ez dot testu luzerik topau Bizkaiko ipar-sortaldean edo Arratian, Bilbon lau-bost dagoz guztira... Corpusa mugatua da eta horrek azken datua be xahutzen behartzen zaitu. Labov soziolinguisteak esan eban legez, hizkuntzalaritza historikoa da datu 'txarren' erabilera onena egin behar dauen artea.


4.- Testuen jatorria eta testua denporan kokatzeko ze argudio erabilten dozue?

Funtsean, konparazinoa. Jatorriari jagokonez, data eta jatorri zehatz bat daukan testu moltso bat dagoanean, eta testuetan agertzen dan hizkerea bera edo bertsua danean, aingura testu bat dago; hau da, inguru eta sasoi jakin bateko euskerea neurri baten behintzat islatzen dauena. Jatorri ezezaguneko testu bat dagoanean, aingura-testuakaz konparetan da, ia ezagutzen diranakaz antzekotasunik daukan edo zeinegaz ezkontzen dan hobeto. Denporeari jagokonez, garai linguistikoak ezagutu behar dira, eta ezaugarri linguistikoen historia. Jakin behar da ezaugarri bakotxa nozkoa dan, noz sortu zan edo noz hasi zan gainbeheran, eta horretarako testuak ondo ezagutu behar dira.


5.- Azken 200 urteotako Euskal dialektologiaren historia eta bilakabidean zer nabarmenduko zeunke?

Niri neuri beti begitandu jat harrigarria zer lortu eban Bonapartek XIX. mendean. Kontuan hartu behar da zelako laguntzaile-sarea eta zenbat informazino zehatz lortu eban, garaiko tresna eta bitartekoak zein ziran kontuan hartuta. Are gehiago: zer zan dialektologia Bonaparteren sasoian? Dialektologia dinot, ez euskal dialektologia. Ezer gitxi.

XX. mendean beste hainbat ikertzaileren izenak eta lanak aitatu neikez eta beti agertuko dira hor Azkue, Larrasket, Lafon, Mitxelena edo Irizar, baina XX. mendeko (eta XXI.eko) aurrerapen handiena unibersidadean egin dau euskal dialektologiak eta hizkuntzalaritzeak batez be. Euskal Filologia eta Hizkuntzalaritzako ikasketak ezartzeak ikerketa-moduak sistematizetea ekarri eban masa kritikoa handitzea, hainbat gairi buruzko lanak bat-batean ugaritzea... Azken 40 urteotan aurreko 150etan baino aurrerapen handiagoak egin dira unibersidadeko ikertzaileei esker.


6.- Louis-Lucien Bonapartek 1863an zortzi euskalki bereizi zituan; Koldo Zuazo hizkuntzalariak bost. Euskalkien sailkapen berria lanean, barriz, hiru dagozala nabarmentzen da: mendebaldekoa, erdialdekoa eta ekialdekoa. Zein da zure eretxia?

Danon bistara dagoan egia bat autortuko deutsut: dialektoak ez dira existiduten. Edo, hobeto esanda, Eugen Coseriuk esan eban legez, dialektoak existiduten dira dialektologoek lan egin ostean. Dialektoak ez dira entidade objektibo eta zurrunak; ez dira inoz izan eta ez dau emoten inoz izango diranik. Ikertzaile bakotxak datu jakin batzuk eta erispide teoriko-metodologiko batzuk aukeratzen ditu. Ba, aukera horreen araberakoak dira emoitzak beti. Datu eta metodo batzuk zein bestetzuk erabili, zenbat dialekto dagozan dialektologoek erabagiten dabe beti.


7.- Gotzon Aurrekoetxeak oraintsu esan dau 100 urte barru be euskalkiak izango dirala...

Euskerea bizirik badago, euskalkiek be bizirik jarraituko dabe, bai. Horretan bat nator Aurrekoetxeagaz. Hizkuntzek berezko dabe bariazinoa eta bariazino horretatik aldaketak sortzen dira denporeagaz espazioan eta gizartean. Hizkuntzak bizirik dagozan bitartean, beraz, hizkuntza-aldaerak existiduko dira. Beste kontu bat da aldaera horreek noragino ezbardintzen diran: aspaldirik aitatu eta ikusi da euskera batuaren eta eskolearen eraginaren ondorioz ezbardintasun linguistiko batzuk desagertzen dagozala. Hizkuntzen historia bardintze eta ezbardintze-zikloek osotzen dabe, eta ikusi beharko da zein dan egoerea 25, 50 edo 100 urte barru.


8.- Zelako eragina izan dau historian Arabako euskereak?

Araba gehieneko euskera dialektala galduta egoteak ekarri dau historian arreta berezirik ez emotea. Mitxelenak Nicolao Landucciren 1562ko hiztegia (Gasteiz aldeko euskerea jasoten dauela proponidu eban Mitxelenak) editau eta komentau ebanean erakutsi eban Gasteiz aldeko euskerea aztertu beharra Euskal Herriko mendebaleko irudi osoa eta errealistea izateko; baina, aurrerapenak azken hamabost urteotan egin dira, batez be Lazarraga eskuizkribua agertu ostean. Arabako euskera zaharrari arreta gehiago emonaz ikusi da hainbat ezaugarriren hedadurea eta banaketea hobeto azaltzen dala Arabatik azalduta; esate baterako, Debagoieneko euskerearen hainbat ezaugarri garrantzitsu hobeto ulertzen dira Arabatiko euskerearen eraginaren bitartez, Bizkaikoaren bitartez baino. Emoten dau Erdi Aroan zehar Gasteizen sortu zirala gerora oso eremu zabaletara zabaldutako ezaugarri batzuk. Banaketa linguistikoa argiago azaltzen dala bai maila linguistikoan, bai geografikoan Gasteiz eta Arabako euskerea kontuan hartuta.


9.- Euskera batu zaharraren harian, zein izan zan Koldo Mitxelenaren ekarpena?

Euskera Batu Zahar izendapena Joseba A. Lakarrarena da izatez, baina kontzeptua Mitxelenak asmau eban: euskaro deitu eutson 1981ean. Paradigma-aldaketa sakona ekarri eban proposamenak, nahiz eta Mitxelenak berak ez eban askorik garatu. Ordura arte pentsau izan zan euskalkiak oso aspaldikoak zirala, erromatarren garaikoak edo lehenagokoak. Baina, Mitxelena konturatu zan denporan atzera egin ahala egungo dialektoen bereizgarri diran ezaugarriak desagertu egiten dirala, hau da, denporan atzera egiten dan neurrian egoera batuagoa agertzen dala hizkuntzan, badagozala hizkuntza osoak partekatzen dituan elementuak, mailegu zaharrenak lege fonetiko berberen arabera egokitzen zirala euskera guztietan... Horrek guztiak iradokitzen dau euskalkiak ezin dirala oso aspaldikoak izan. V-VI. mendeetan kokatu eban Mitxelenak Euskera Batu Zaharra, eta horren ondoz ondoko zatiketetatik sortuak dira, ez guztiak batera baina zein bere garaian, gerora deskribidu diran euskalkiak.


10.- Euskera batuaren eta euskalkien arteko alkarbizitzarik ez da posible?

Posible da, eta izan behar dau. Eztabaidea ez da barria, gaindituta dagoala edo egon beharko leukeala emoten dauenean berpiztu egiten da eta horrek hainbat min sortzen ditu. Zuazok esaten dauen legez, euskalkiak dira euskera historikoaren bilakabidetik gugana heldu diran emoitzak, eta euskalkiek jantzi egiten dabe euskera batua. Beste kontu bat da zelan lantzen dan batuaren eta euskalkien arteko loturea (lantzen bada), ez ete dan batua eredu zurrun eta kolorgatzat hartzen sarriegi oraindino be. Azken urteotan batek baino gehiagok aitatu dau pedagogia gitxi egin dala esparru horretan, ez dala ondo azaltzen, beharbada ez dalako ondo ulertzen, zer dan edo zer izan behar dan euskera batua.


11.- Interneten gehienbat kulturako gaiak jorratzeko mendebaldeko euskalkia darabilen Bizkaie! atariak 18 urte beteko ditu 2020ko apirilean eta sare sozial gehienetan gagoz...

Lehenengo eta behin, zorionak! Bestalde, ibilbide aberats horrek badaukaz bestelako inplikazino batzuk be: erakusten dau badagoala irakurle-masa bat barriak bizkaieraz irakurten dauena eta horretarako kapaz dana, bai eta Bizkai euskeran sortzen jarraitzeko jentea badagoala be. Bizkaiko euskereak demolinguistikea dauka alde, neurri baten: hiztun asko daukaz beste euskalki batzuen aldean, eta kopuru hori lagungarria da era honetako ekimenek erantzun bikaina izan deien.


12.- Añibarro, Mogel, Zabala, Uriarte, Arana, Agirre, Villasante, Manterola, Kapanaga, Akesolo, Labayru… Eredu asko eta erabiltzaile gitxi?

Idazle horreetariko bakotxa bere garaiak bizi eban, eta zein bere garaian aztertuta hobeto ulertzen dira bakotxaren eredu-proposamenak. Garai bakotxean ezagutzen zanaren eta egin ahal zanaren araberako proposamenak dira guztiak. Dana dala, horreen guztien artean sakoneko ezbardintasun nagusia bat eta bakarra da: euskera-modu lokalagoaren edo orokorragoaren artekoa. Idazle batzuek (Mogel, Uriarte, Arana...) euskera lokaletik hurrago idaztearen alde egin eben: horrek ez dau esan gura euskera hori landua ez danik, baina indartu (eta, inoz, exagerau edo putzitu) egin zituen tokiko lokalismoak, fonetismoak eta abarrak. Beste idazle batzuek (Kardaberatz, Añibarro, Zabala, Labayru Fundazioa...) eredu supralokala erabiltearen alde egin eben, euskera-modu orokorrago baten alde, besteak beste jente gehiagorengana heltzeko. Azken eredu hori da gaur egun nagusi.


13.- Hiztegigintzan, datuak batzen, euskerea erakusten, itzulpengintzan eta hizkuntza-normalizazinoaren arloetan ibili zara, eta gaur egun irakasle zabilz UPV/EHUko Bilboko Hezkuntza Fakultadean. Bihar-etzirako erronkarik?

Bai, orain arteko bideari eustea eta tesiagaz iregi edo edegitako bidetik jarraitzea. Horretarako, baina, denporea behar da, eta 2020rako ezarritako erronka handiena da hamaika saltsatan sartzeari itxitea eta lantzean behin behintzat ezetz esaten be jakitea.


14.- Aziti Bihia taldeko kidea be bazara. Zertan zabize?

Aziti Bihia 2012an sortu genduan, Mitxelena Katedrearen III. Biltzarra egin zanean Gasteizen, konturatu ginanean bagengozala antzeko interesak (linguistika historikoa eta horregaz lotutako gaiak) geunkazan ikasle batzuk. Asmo nagusia alkarren barri eta alkarren lagungarri izatea izan da batez be, ez hainbeste lanen produkzinoa. Azken hori berez etorri izan da eta dator alkarregaz daukaguzan hartu-emonetatik: halan etorri zan bere sasoian Materraren edizinoaren egitasmoa be. Aziti Bihian inok egiten dituan lanak alkarri aurkezten deutsaguz eta alkarregaz komentetan doguz, mintegiak eta ikastaroak antolatzen doguz, eta hurrengoa be hori izango da: jardunaldi eta ikastaro bana prestatzen gabilz, udabarrira eta udara begira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu