Pettik disko barria argitaratuko dau martian

Bizkaie! 2020-02-06 13:10   Musikea

Loraldia jaialdiaren barruan aurkeztuko dau zuzenean.

Argazkia: Oier Arantzabal/ZART | Ikusi handiago | Argazki originala

Komunikabideetako manipulazinoaren inguruko diskoa atontzen dabil Petti musikari nafarra, Manipulazio estrategiak izenburuduna, eta laster prest izango dau. 2019aren amaieran grabazinoak hasi zituan, eta martian lan barria kalean egongo dala aurreikusi dau. Zuzeneko lehenengo kontzertuaren fetxea be badauka: Martiaren 15a, Bilbon.

Aurreko beste lan batzuetan legez, oraingo honetan be Harkaitz Cano idazleak kolaborau dau Pettigaz. Diskoko hamar kantuen berbak Canok idatzitakoak dira. Noam Chomsky pentsalariaren liburu baten agiri diran manipulazinorako hamar estrategietan oinarritu da idazlea, bakotxari kantu bat eskainita. Pentsamendua, poesia eta doinua batzen ditu Pettiren proiektu barriak, Berako musikariak berak azaldu dauenez.

Alderdi musikalean be laguntzinoa izan dau Pettik. Etxeko Uzta bandeagaz grabetan dabil diskoko kantuak. Joseba Irazoki (gitarrea), Iñigo Telletxea (baxua) eta Igor Telletxea (bateria) dira talde horretako kideak. Beste kolaboratzaile batzuk dira Toño Muro, Juantxo Zeberio, Angel Unzu...

Manipulazio estrategiak, hortaz, martian izango dabe zaleek esku artean. Kantu barriak aurkezteko kontzertuen bireari jagokonez, lehenengo hitzordua zehaztuta dauka Pettik. Izan be, diskoa Loraldiaren barruan aurkeztea erabagi dau, eta jaialdi horren egitarauan sartuko da emonaldia. Martiaren 15ean izango da, 12:00etan, Bilboko Guggenheim Museoan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu