Darwinen Eguna Bilbon

Bizkaie! 2020-02-06 11:53

Itziar Garate Lópezek eta Luis Carlos Álvaro Gonzálezek hartuko dabe parte.

Bilboko Udalak, Charles Darwin, Alfred Russel Wallacegaz batera eboluzinoaren teoriaren asmatzaileetako bat, jaio zaneko 211. urteurrena ospatuko dau datorren eguaztenean, zezeilaren 12an, ponentzia bi ardatz dirala: Eguzki Sistemearen joana, oraina eta etorkizuna eta Eboluzinoaren Teoria eta medikuntzea: baterako bideak. Bertan izango dira Itziar Garate Lopez, La Lagunako Unibersidadean Fisikan lizentziaduna eta UPV/EHUn Zientzia, Teknologia eta Behaketa Espazialean doktorea eta Luis Carlos Álvaro González, Bilboko Basurtuko Ospitaleko mediku neurologoa eta UPV/EHUko Neurozientzien Saileko irakaslea.

Ohikoa danez, hitzordua arratsaldeko 19:00etan izango da, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan; sartzea librea izan arren, ezinbestekoa izango da aurretik gonbidapena jasotea, liburutegian bertan, hilaren 7tik 12ra, lau sarrera persona bakotxeko, gehienez be. Leku guztiak beteten diranean ez jako inori aretora sartzen itxiko, baina topaketea streamingez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunearen bitartez.

Eguzki Sistemearen joan, oraina eta etorkizuna izenburuko berbaldian, Itziar Garate López Eguzki Sistemeak ezkutuan dituan sekretu guztiak argitzen saiatuko da, izan be, astro moltso korapilatsu honek hainbat planeta, ilargi, asteroide eta kometa ditu ezelan be apartekoa ez dan izar arrunt baten inguruan biraka. Izartegian ditugun auzokideak zelan sortu ziran, zelan aldatu diran eta egun norantz doazen ezagutzeko aukerea be egongo da.

Itziar Garate Lopez La Lagunako Unibersidadean Fisikan lizentziaduna eta Zientzia, Teknologia eta Behaketa Espazialean doktorea da UPV/EHUn. Egun Bilboko Injinerutza Eskolako (UPV/EHU) Fisika Aplikatua I Saileko irakaslea da, eta aurretik, doktorego ondoko ikertzailea izan zan Sorbonne Université-ko Centre National d’Études Spatiales ospetsuan. Lurraren antzekoak diran Venus eta Marte planeten dinamika atmosferikoa da ikertzaile honen ohiko jardunaren ardatz, Venusko poloetako zurrunbiloen sorrerea eta bilakaerea.

Bestalde, Luis Carlos Álvaro González neurologoak medikuntzea beste ikuspegi batetik aztertuko dau Eboluzinoaren Teoria eta medikuntzea: baterako bideak izenburuko berbaldian. Arrazoi historikoen ondorioz, medikuntzea eboluzinoaren teoriari jaramonik egin barik joan dala aurrera azalduko dau, eta azken urteotan biak bateratzeko zabaldutako proposamenen harira, mekanismo operatibo sinpleetan oinarritutako hurreraketak erraztu dirala gorabehera degeneratiboak, askotariko patologiak atxikiak dituen zahartzea, gaixotasun baskularrak, arazo autoimmuneak eta hainbat infekzino eta migraina mueta ulertzeko.

Luis Carlos Álvaro González Bilboko Basurtuko Ospitaleko mediku neurologoa eta UPV/EHUko Neurozientzien Saileko irakaslea da. Bere esparru klinikoari jagokozan 100etik gora lan argitaratu ditu eta zuzentzaile-lanetan jardun dau Estaduko zein nazinoarteko aldizkari espezializatuetan, zenbait argitalpen-batzordetako kidea izateaz gan. Era berean, sariak jaso ditu bere lehentasunezko jarduera-esparruetan, espezialidadeari buruzko zenbait dibulgazino liburu idatzi ditu, eta parte-hartze aktiboa dau eboluzinoaren teoria ingurune klinikoan ikertu eta aditua ez dan publikoaren artean zabaltzeko ahaleginean.

Darwinen eguna Bilboko Udalaren, EHU/UPVko Kultura Zientifikoko Katedrearen eta Zirkulu Eszeptikoaren artean sustatutako eta antolatutako ekimena da, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta El Correo egunkariaren babesari esker. Bidebarrieta Zientifikoaren urteko jarduera egutegiaren barruan dago. Ekimen horrek, zientzia jente guztiari era atseginean eta didaktikoan hurreratzeko helburua daben Matematikak eguneroko bizitzan edo Zientzia egiten daben emakumeak lako programak jasoten ditu.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu