Pello Mari Otaño Bekarako deia egin dabe
2020-02-06 10:32 BertsolaritzeaProiektuak aurkezteko epea apirilaren 2an amaituko da.
Alkarlanetik sortutako egitasmoa da Pello Mari Otaño Ikerketa Bekea, Mintzola Ahozko Lantegiak eta Kilometroak-ek alkarregaz egin dabelako deialdia. Zizurkilgo Hernandorena Kultur Alkartea eta Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolea dira laguntzaile. Beraz, aurkezpena Villabonako Subijana etxean egin izana ez da kasualidadea.
Mintzolako Beñat Gaztelumendik alkarlan hori azpimarratu dau. Hazia ereiten ibili gara hainbat eragilegaz alkarlanean, ikerketa proiektu eta tesiak bultzatu doguz eta hasiak gara uztea batzen. Uzta horri gehituko jakon ikerketea bultzatzeko asmoa dau Pello Mari Otaño Bekeak. Kilometroak jaiko Mikel Egibarrek be ikerketen beharra gogoratu dau: Gure herriak, belaunaldi barriak erakarteko, ekimen garaikideak behar ditu. Horretarako, azterketea, ikerketea eta analisia behar dira.
Deia egina dago, beraz, eta apirilaren 2ra arte aurkeztu leitekez proiektuak. Gai nagusia Aiztondo bailarako bertsolaritzearen ikerketea eta dibulgazinoa da. Batez be, bertsolaritzea eta emakumeak Aiztondoko bailaran jorratzen dituen lanei emongo jake lehentasuna. Halandabe, bestelako ikuspegiak be onartuko ditue, eskualdeko ahozkotasunari lotuta badagoz.
Behin irabazlea nor dan ebatzita, maiatz aldean, urtebeteko epea izango dau ikerketea osorik egiteko. Horretarako, 3.000 euroko laguntzinoa emongo deutsie antolatzaileek. Oinarriak hemen.
Pello Mari Otañoren izena daroa beka deialdiak. Zubimusu Ikastolako Nerea Zumeagaren ustez, euskaltzaletasuna, eraldaketea, herriagazko maitasuna izan ziran Otañoren balioak, eta hori bat dator Zubimusuren lanagaz. Hernandorena Alkarteko Joxin Azkuek be goratu egin dau Otaño: Berezko dohainak erakutsi zituan bertsogintzan, ugaritasuna, zehaztasuna, abilezia... Juan Mari Lekuona adituaren eretxiz, XX. mendean Otaño izan da bertsolaritzan gehien eragin dauen maisua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!