Basaki taldeak disko barria argitaratu dau, 'III'

Bizkaie! 2020-02-06 09:02   Musikea

Leioako rock eta metal taldeak Gorila Bilboko estudioetan grabautako sei kantu batu ditu.

Basaki rock eta metal talde leioaztarra bueltan da, III disko barria besapean dakarrela. Hirukote formatuan, sei kantu barri eta zehatz batu ditue taldekide eskarmentudunek, melodia eta potentzia buztartuta. Portadearen diseinua Paula Delgadok egin dau.

Grabazinoa Bilbon egin dabe, Gorila Estudioan Borja Barullogaz eta diskoa Interneten jarriko dabe entzungai edozeinek behera kargetako moduan, www.basaki.bandcamp.com webgunean. Era berean, Basaki taldeak Youtuben dauen kanalean be entzun ahal izango da.

Alfonso Rodriguez bateriak, Iker Herrero gitarrista eta kantariak eta Natxo Velez baju-jotzaileak, taldearen hasieratik konposizinoaz arduratu dan hirukoteak, proposamena sendotu egin dau sei kantutan, arretea kantuen osotasunean jarriz. Sormen prozesuan, kantu borobilak egitea izan dabe helburu.

Taldea ez da gehiegikeriatan galdu, eta bateria erritmo indartsuen, harrizko baju sendoen eta gitarra gogor eta dotoreen gainean altzetan da bizkaitarren uniberso aberatsa, kantuetan pop melodiak eta hausnarketarako ateez ganezka dagozan berbak, metalaren abiadura eta betiko rockaren indarra batzeko.

Sei kantuotan, entzuleak topauko dau Menia labur bat kantuaren indarra eta melodia gogoangarria, Bitartean hari laukote batek lagundutako balada ederra, Letra larriak horretako groove kutsakorra, Lehen distira lau haizetara kantetako kantu zuzena, Argonautak hunkigarria eta Galtzaileon bandera-ren abiadura amorratua.

III taldearen hirugarren diskoa da; aurretik, Esperantzaren zain (Baga Biga, 2006) eta Egunero hasten da (Elkar, 2011) argitaratu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu