2020/02/06 19:30

Durangon, Andra Mari eleizpean. | Jardunaldiak

Pechakucha, Durangaldeko sortzaile gazteen jarduna ezagutzeko saioa

19:30

Aurkezpen labur eta lagun arteko giroan, hiru jardun, proiektu eta lan ezagutzeko aukerea izango da, Durangoko Udalak diruz lagundutako ekitaldia. Gerediagak antolatuta Pechakucha saioetan bosgarrena izango da honakoa. Durangaldeko gazte sortzaileak eta euren lanak ezagutzera emoteko 2017an sortutako kultur egitasmoa da. Durangaldeko sortzaileei ohikoa ez dan formatu baten ikusgarritasuna emoteko ekimena. Horregaitik, japonian jatorria dauen 20 irudi x 20 segundu formatuan, labur, eta lagun-giroan egiten dira aurkezpenak.

Bitxigile baten ibilbidea, artelanak zaharbarritzen lan egiten dauen gaztea eta hasibarria dan musika talde batek parte hartuko dabe. Taldeak, berak, lan barriko kantu parea zuzenean eskainiko ditu.


Aurkene Pagalday

Elorriarra da eta injinerutza ikasketak egin arren, artisautza munduan dabil bitxigile. DirDir izenagaz ibilbideari ekin eta 2020tik Kenika izenagaz jarraituko dau, orain arte lez, eskuz egindako bitxiak egiten, diseinua eta artisautzea buztartuz.


Ane Barreinkua Elegido

Artelanak zaharbarritzen ditu durangar honek. Lehenengo artelana begitu eta ondoren hasten da akats edo orbanak zein aldaketa-faktoreak eta eragileak identifiketan. Beharrezkoa dan kasuetan, ahalik eta kalterik gitxien egiteko pausuak emoten ditu, lanak iraunarazoz.


The Van

Berrizen errotutako musika taldea da. 60 eta 70eko hamarkadetako musika taldeen soinu klasikoetan oinarrituta, lehen diskoa 2019ko zemendian argitaratu eben, Grow, hain zuzen be. Iker Hernandez, Eñaut Armentia, Alex Garcia, Iratxe Gaztañaga eta Martzel Vargasek osotzen dabe taldea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu