VII. Umorezko Antzerki Erakustaldia Bilbon zezeileko barikuetan

Bizkaie! 2020-02-06 08:04   Kulturea

Fanny Giraud frantsesaren Juntos lanagaz ekingo jako programazinoari.

Bilboko Udalak Errekaldeko Umorezko Antzerki Erakustaldiaren VIII. edizinoa inaugurauko dau zezeilaren 7an. Erakustaldiak ikus-entzule helduei eskainitako umorezko lau proposamen eszeniko jasoten ditu, arratsaldeko 19:30ean hasita. Sartzea librea izango da, baina sartzeko gonbidapena jaso beharko da ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago, udaltegian bertan, persona bakotxeko bi, gehienez be.

Antzerki programazinoa bariku honetan hasiko da, Fanny Giraud pailazo frantsesaren Juntos ikuskizunagaz, zoriona topetea, jaiari, hutsuneari, bakardadeari eta besteakazko hartu-emonei buruzko ikuskizuna. Protagonistea Sofia da. Fanny Giraud antzezle eta prestatzailea pailazoaren artearen zale amorratua da, eta hamar urte baino gehiago daroaz arlo horretan lanean.

Zezeilaren 14rako aurreikusitako bigarren antzerki saioa Jimena Cavalletti konpainia hispaniar-argentinarrarena izango da eta Mecha Show You ikuskizun komiko-musikala eskainiko dau. Erabateko umorea, goi mailako lelokeriak, erantzun bikaina, porrota, gure bizitzetan etenbako kanpoko onarpenak dauen indarra ditu ardatz.

Hurrengo hitzorduan, zezeilaren 21ean, tokiko eszenan oso ezagunak diran konpainia bi helduko dira Errekaldeko eszenatokira, Kamikaz Kolektiboa eta Ttak Teatroak eta Pez Limbo euskerazko ikuskizun bigaz. Lehenengoek Agur eta dolore eskainiko dabe, Pabilioi 6k formatu txikiko antzezlanei emoten deutsen 2019ko Kriseilu Saria irabazi eban pieza laburra. Emakume bi erakusten ditu, sorkuntzearen aurrean, euren bildur eta duda existentzial horreei aurre egiteko moduari buruzko gogoetea dakar. Pez Limbok, barriz, umore garratzeko Homo Amabilis ikuskizuna aurkeztuko dau.

Umorezko Antzerki Erakustaldia zezeilaren 28an amaituko da, Andaluziako Las Mamarrachas konpainiaren Reflexiones de mujeres al borde del abismo ikuskizunagaz. Eguneroko bizimodua, pipak eta auzoko zurrumurruak gustuko dituen emakume bi euren etxeetako atean berba egiten, barriketan eta hausnartzen, egungo gizartean emakume lez beteten daben lekuari buruz. Apurka-apurka, euren bizitzen bidea aldatzeko kapaz dirala igarri eta euren esku dagoan guztia egingo dabe hori lortzeko; bakardadeari, persekuzinoari, nortasunari, sexualidadeari, maitasunari eta maitasun ezari buruz egingo dabe berba.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu