Barriek 2020 Natalia Suarezen erakusketeagaz hasiko da

Bizkaie! 2020-02-05 13:51   Kulturea

Bizkaiko Foru Aldundiaren bekak jaso dituen artisten obretarako leiho edegia izango da.

Gaur goizean, Euskera, Kultura eta Kirol diputadu Lorea Bilbaok Barriek programearen 2020ko edizinoa aurkeztu dau Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan ikusgai izango diran lanen egileakaz batera.

Aldundiaren foru aretoko erakusleihoa Bizkaiko Foru Aldundiaren bekak jaso dituen artisten obretarako leiho edegia izango da. Aurten bederatzigarren edizinoa izango da, eta Natalia Suarez Ortiz de Zarate, Claudia Rebeca Lorenzo, Ivan Gómez eta Irati Inorizaren lanak izango dira ikusgai. Artista horreek Aldundiaren beka bana jaso dabe eta beren lan hautatuak erakutsiko ditue.

Barriek programearen lehen ekitaldia Natalia Suarezen lanen erakusketea izango da; 2020an zehar lau artistaren erakusketak egingo dira Rekalde Aretoan, banaka. Natalia Suarezen erakusketearen ondoren Claudia Rebeca Lorenzorena etorriko da, gero Iván Gómezena eta azkenik Irati Inorizarena. Lanak txandaka erakutsiko ditue, hilean behin aldatuta, gitxi gorabehera.

Bestelako jarduerak be egingo dira artistakaz, besteak beste, norbere burua ezagutzeko tailerrak eta publikoari obren gakoak eta interesa ezagutarazoteko topaketak.

Diputaduak esan dau Barriek ekimenak aurrera egiten dauela urtero helburu argia dakarrelako: gizarteari ezagutarazotea sormen handiko Bizkaiko artista talentudun barriak. Gainera, Bilbaoren berbetan, Barriek gaur egun artisten lanak zabaldu eta bistaratzeko plataformea da, eta berari esker Bizkaian aukerak emoten jakez sortzaileei barriei. Diputatuak gehitu dau holako ekimenen bitartez jaubetzen garela zelako potentziala daukan gure lurraldeak; eta bestetik, balioa autortzen deutsegu artista eta sortzaile talentudunei, izan be, XXI. mendeko gizarteak balio hori jagon eta bultzatu behar dau. Horren harian, Rekalde Aretoa funtsezko sozializazino-tresnea da.


Barriek 2020 - Zezeilaren 5etik martiaren 1era

Natalia Suárez Ortiz de Zarate (Gasteiz, 1994). Batez be pinturea lantzen dau, baina arte eszenikoetan be ibilten da Tripak konpainiaren barruan. Unibersidade-ikasketak egin ditu Euskal Herriko Unibersidadean eta Lisboako FBAULen. 2018an, Bizkaiko Foru Aldundiaren arte sorkuntzako bekea jaso eta Tabakalerako egonaldi-programan izan zan, Donostian; 2019an, AiR Sandnes nazinoarteko egonaldi-programan ibili zan (Norvegia). Hainbat erakusketa kolektibotan izan da: Markak, Okela Sormen Lantegia (Bilbo) eta DIME DAME Galería Aire aretoan, besteak beste.


Martiaren 3tik 29ra

Claudia Rebeca Lorenzo (Gasteiz, 1994). 2014. urtean ikerkuntza eta sormen masterra egin eban Euskal Herriko Unibersidadean. Arte esperimentaleko Kalostra eskolan (Donostia) izan da eta MACBAren Ikasketa Independenteen Programan parte hartu dau, zuzendaria Paul B. Preciado dala. 2019an egonaldia egin dau Tabakaleran (Donostia).

Hona parte hartu dauen azken erakusketak (banakakoak zein kolektiboak): Generaciones 2020 (Madril); BI, DOS, TWO, Azkuna Zentroa (Bilbo); Perro dormido, IRJ (Logroño); Cabeza frente Cabeza, Salón (Madril); Pliegue, Okela (Bilbo); Call 2017 Luis Adelantado (Valentzia) eta Herlieve, Ciudadela (Iruña).


Martiaren 31tik apirilaren 26ra

Iván Gómez (Irun, 1984). Arte Ederretan lizentziau zan Bartzelonako Unibersidadean; ondoren San Antonio de Los Bañosko (Kuba) zinema-eskolan ikasi eban. Ikerkuntza eta sormen masterra egin eban Euskal Herriko Unibersidadean, eta gaur egun bertan dabil lanean ikertzaile. Haren piezak ikusgai izan dira MAMM museoan (Medellín), Pärnu International Film and Video Festival (Tallin) ekitaldian, Museo Vostell Malpartida (Cáceres) museoan, La Casa Encendida (Madril) aretoan, eta hainbat uritan (Berlin, Brusela eta New York). Hainbat sari jaso ditu, eta artistearen pieza batzuk bilduma pribatuetan dagoz.


Apirilaren 28tik maitzaren 24ra

Irati Inoriza (Balmaseda, 1992). Euskal Herriko Unibersidadean graduau eta gero Arte Ikerkuntza eta Sorkuntzako Masterra egin eban bertan. Ondoren, T. Ruller-ren Atelier de Performance zentroan amaitu zituan ikasketak, VUT Unibersidadean (Txekia). 2019an, beraren BLUE: contact line: RED proiektua C. C. Montehermosoko (Gasteiz) erakusketa-programazinoan egon da eta WHAT A BLUE! proiektua ZSenne Art Lab zentrokoan (Brusela). Ourenseko Aldundiaren Arte Plastikoen XV. Lehiaketan ibili da eta New Yorkeko Pablo’s Birthday galeriako HERE+NOW erakusketan izan da.

2017an, artista-proiektuaren saria emon eutsien Casal Solleric zentroan Take your broken heart, make it into art lanagaitik. WHAT A BLUE! lana honako honeetan izan da ikusgai, besteak beste: A-DASH Space (Atenas), Sintomáticas (L’Estruch, Bartzelona), keep in touch (Laboratorio Lamosa, Cuenca), WHITE FARM (Farm Cultural Park, Sizilia) eta MALAMUT FESTIVAL (Ostrava, Txekia).

Informazino gehiago eta erreserbak 944068532 edo salarekalde@bizkaia.eus

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu