1.800 lagun, bertsotan trebatzen eta ondo pasetan

Bizkaie! 2020-02-05 13:09   Bertsolaritzea

112 irakasle dabiz bertso-eskoletan.

Bertso-eskolea Zizurkilen. Argazkia: Jakub Szafranski / XDZ | Ikusi handiago | Argazki originala

Bertso-eskolen harian, zenbat herritan dagoz taldeak? Horreetako zenbat dira umeentzat eta zenbat helduentzat? Horreek eta datu gehiago batu ditue azken hileotan. Ez dira txarrak, oro har, bertso-eskolen inguruan azken hileotan jasotako datuak: 1.796 lagun batzen dira 117 herritako bertso-eskoletan euren zaletasuna konpartiduteko. Belaunaldi batetik bestera zabaltzen dan zaletasuna da gainera, 1.300 bat ume eta 430 heldu inguru batzen baititu; eta horretarako 112 irakasle dabiz.

Era berean, indarrak non jarri behar diran atzemoten be laguntzen dabe datuok. Alderdi horreetako bat generoaren esparruan dago, helduen bertso-eskoletan gizonen eta emakumeen kopuruen artean dagoan arrakalea tarteko; holan, talde horreetan emakumeen parte-hartzea zelan sustatu daitekeen aztertu beharko da. Irakasleen behar anitzei erantzuteko modua zehaztea eta lurralde bakotxeko irakurketea egitea be zereginetan zerrendatuta dagoz.

Datuak batzea kopuruetan oinarrituta dago, eta kopuruen irakurketa sakonagoa ez eze, eragina dauen bestelako informazino gehiago batzea be beharrezkoa da zenbaki horreen arrazoia ezagutzeko: parte-hartzaileen bizipenak edota tokian tokiko ezaugarri soziolinguistikoak, esate baterako.


Umeen taldeetan, erdia; helduenetan, herena baino gitxiago

1.796 partaide dabiz bertso-eskolan, 117 herritan dagozan 259 taldeetan. Emakumeen eta gizonen kopuruak antzerakoak dira (% 49 emakumeak; % 51 gizonak), baina oreka hori erabat hausten da edadea tartean sartzen danean. 18 urtetik beherako taldeak aintzat hartuta, % 56 dira neskak eta % 44 dira mutilak; aitzitik, helduen taldeetan, % 30 dira emakumeak eta % 70 gizonak. Zenbakion atzean dagozan errealidadeak ulertzeko, azterketa gehiago beharko dira, datuok galdera asko pizten baititue: zergaitik ixten daben emakume helduek bertso-eskolea; bertso-eskolan batzeari itxi eta bertso munduan jarraitzen daben ala ez (eta zaletasunari heldutasunean zelan eta zein guneren bidez emoten deutseen jarraipena); edota bertso-eskoletako ohiko dinamiketan zer aldatu daitekeen, emakumeen parte-hartzea sustatzeko.

 

Bat-batean trebatzen diranak eta hasibarriak, gehienak

Txapelketak atontzeko batzen dira talde batzuk; sortak abesteko edo saioak antolatzeko egitekoa dabe helburu beste batzuk; bat-batean ibilteko, asko. Gehienak bat-batean trebatzen dabizen taldeak eta hasibarrienak dira: 259 taldetatik 125 eta 87, hurranez hurran.

Euren ingurunean bertsolaritzea sustatzen daben eragile nagusiak dira bertso-eskolak, eta euren kabuz antolatzen dira. Bertsozalek baliabideak eskaintzen ditu, berbarako, irakasleak. Esangura horretan, 112 irakasle dabiz bertso-eskoletan, eta kasuen % 74an Bertsozale Alkarteak bideratzen ditu. Beste zenbaitetan, tokian tokiko euskera eta kultura alkarte edo erakundeek kontratetan ditue, eta beste batzuetan, talde horreetako batzuk irakasle barik dabiz, % 8, hain zuzen be.

Batutako datuak 2019-2020 ikasturtekoak dira, eta bertso-eskoletako arduradunek betetako galdetegiei esker lortu dira. Bertsozale Alkarteak Euskal Herriko Unibersidadeagaz dauen alkarlanari esker egin ahal izan da datuak batzea, horretarako, taldean, Gizarte Antropologia Graduko ikasle bat izan dalako lankide.

Informazinoa konfidentzialtasunez zainduko da eta datu orokorrak ikerketarako erabiliko dira. Lau urtetik behin barritzea da asmoa, mobimentuaren gorabeherak ezagutzeko.

Datu gehiago, www.bertsoeskola.eus gunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu