Euskal itsas ondareko 26 proiektu babestu zituan Jaurlaritzeak igaz
2020-02-04 13:32 KultureaOndare horri zabalkundea emoteko hainbat programak jaso dabe laguntzinoa.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 26 proiektu babestu zituen igaz, euskal itsas ondarea babestu, zabaldu eta horri balioa emoteko diru-laguntzinen bidez. Guztira 131.136 euro banatu zituan proiektu ugariren artean, bost modalidaderen bitartez.
2018an emon zituan Jaurlaritzeak era horretako laguntzinoak lehenengoz, beraz, igazko deialdia bigarrena izan zan. Helburuak honeek dira: Egurrezko ontzien musealizazinoa babestea; jenteari zerbitzua emoteko egurrezko ontziak zaharbarritzea; lehorreko instalazinoen balioa nabarmentzea (ontziolak, lonjak eta ontziralekuak); egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuetan laguntzea; eta, azkenik, egurrezko ontzien arloari balioa emoteko ekimenak antolatzea.
Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldean ondare aberatsa, eta kasu batzuetan bizi-bizia, dagoan arren, Jaurlaritzeak onartu dau itsas ondareari ez jakola behar besteko autortzarik egin oraintsura arte. Hori konpontzeko helburua be badaukie era honetako diru-laguntzinoek.
Deialdiaren lehenengo modalidadearen asmoa egurrezko ontzietan egin beharreko lanak diruz laguntzea da, eta, 2019an, bost proiektuk 46.764 euro hartu zituen. Albaola Alkarteak horreetako hiru jaso zituan, Santurtziko Udalak beste bat, Agurtza arrantza-ontzia txukuntzeko, eta, azkenik, Bilboko Itsasmuseumi 17.598 euro emon eutsiezan, Nuevo Anchustegui arrantza-ontziagaitik.
Bigarren modalidadean, 39.822 euro erabili ziran, zazpi ekimenetan: Pasaiako portuan zerbitzua emoten dauen Itsas-Gela alkartearen Mater, Itsas Ondare bizia proiektua; Albaolaren Ozentziyo atunontzia barritzeko lanak; eta beste.
Hirugarren modalidadean onuradun bakarra egon zan, Lekeitioko Udala. Isuntza hondartzearen ondoan dagoan Mendieta Ontziolea barritzeko 20.650 euroko diru-laguntzinoa jaso eban.
Deialdiaren laugarren atalean, egurrezko ontzien jaube txikiei zuzendutakoan, zortzi proiektu lagundu zituan Jaurlaritzeak, 14.000 euro pasautxu erabilita. Hemen be, Albaola Alkarteak hartu eban parte bat, baina diru gehien Kristo Bonantzakoa txipiroiak hartzeko ontzia txukuntzeko proiektuari emon eutsien.
Azkenik, diru-laguntzinoen bosgarren modalidadean, 9.054 euro bideratu zituen, egurrezko itsas kultur ondarea balioan jarteko ekitaldiak egitera. Kasu honetan lau laguntzino emon dira, guztira 9.045 euroko aurrekontuagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!