Gernikako Arbolearen kimu bat landatu dabe Eusko Legebiltzarrean
2020-02-04 08:44 Pil-pileanErakundearen 40. urteurrenagaitik egin dabe ekitaldia.
Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren egoitzea Gernikako Arbolearen kimu batek jagongo dau aurrerantzean. Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak eta Juan José Pujana Legebiltzarreko lehenengo presidente izan zanak landatu dabe kimua, Legebiltzarreko lorategian. Iñigo Urkullu Lehendakaria be egon da ekitaldian, beste ordezkari politiko askoren buru.
Martiaren 31n berrogei urte beteko dira lehenengo Eusko Legebiltzarra eratu zanetik, Gernikako Arbolearen gerizpean. Bakartxo Tejeriak azpimarratu dauenez, halan barriztau zan mendeetan eta mendeetan euskaldunon ordezkariek egin dabena eta egiten dabena: legeak eta akordioak egin arbolearen azpian batuta. Legebiltzarreko buruaren arabera, Euskal Herriaren askatasun eta eskubide historikoen sinboloa da Gernikako haretxa.
Sinbolismo handiko jazoerea izan da, Tejeriak berak azaldu dauenez. 11. legegintzaldian dago gaur egun Legebiltzarra, eta landatu daben kimua 11 urteko haretx gaztea da. Zuztarretatik eta iraganetik jatorkun eta gerora garoazan loturea irudikatu eta adierazoten dau.
Ana Otaduik, Bizkaiko Batzar Nagusien izenean, zera adierazo dau: Haretx honen leinua euskal askatasunen eta eskubide historikoen sinbolo da, eta 1937ko bonbardaketeaz geroztik, baita gure bake-nahiarena be. Esan geinke, orain, Legebiltzarrak arbola sinboliko bi dituala: Gernikatik ekarritako hau, urterik urte hazten joango dana, eta Nestor Basterretxearen Izaro obrea, Ganberearen buru dan haretxezko eskulturea.
Ekitaldia amaitu baino lehen, Ana Otaduik kimuaren benetakotasunaren ziurtagiria emon deutso Tejeriari. Haretxaren alboan plakea jarri dabe, eta bertan honako testu hau dago: Gernikako Arbolaren kimua, euskal askatasunen eta Euskal Herriaren bake nahiaren ikurra. 1937an, mundu mailako biztanleria zibilaren aurkako lehen bonbardaketa masiboaren eszenatokia eta Pablo Picassoren Guernica obraren inspirazioa. Gernikako arbola da bedeinkatua, euskaldunen artean guztiz maitatua. Eman ta zabal zazu munduan frutua. Adoratzen zaitugu, arbola santua (Jose Maria Iparragirre 1820-1882).
Ekitaldi sinboliko hau izan da Eusko Legebiltzarraren 40. urteurrena ospatzeko ekitaldien hasierea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!