Lautadako ahuntzak (Zalduondo) eta Sumendiola bete poto (Gasteiz) taldeak nagusi

Bizkaie! 2020-02-04 08:28   Bertsolaritzea

Zapatuan emon jakon jarraipena Kuadrillartekoari saio bigaz, Zalduondo eta Gasteizen.



Lautadako ahuntzak eta Gorbeialdeko azkenak

D ligako lehen saioa, zezeilaren 1ean jokatu zan Zalduondoko Zeledon Toki Alkartean. 14:00ak inguruan hurreratu zan jentea baina askoz lehenagotik egozan han etxeko taldekoak.

Familia giroan bazkaldu eta gero, urduritasuna agertzeagaz bat ekin eutsien bertsolariek abesteari. Lehenik, idatzizko modalidadeko Zalduon-Do Re Mix taldea hasi zan Rosaliari ostutako doinua Trikitixa eta klarineteagaz bersionauta. Horren ostean, bat-bateko saioaren txandea heldu zan. Lautadako ahuntzek ekipo fresko eta gaztea plazaratu eben, lautadakoa ez zan fitxajeren bat eta guzti tarteko; Eider Adame, Oihane Perea, Aitor Najera, Markel Yoller eta Irati Anda. Gorbeialdeko azkenek, ostera, esperientzia handiko taldea erabili eben norgehiagokan; Aitor Jiménez, Serapio López eta Unai Gomez. Saioa epaitzeko 3 kide, alkarteko ordezkari bat eta talde bakotxeko kide bat. Gai-emoile lanetan, neguko merkatuan lortutako azken momentuko fitxajea egon zan eta horregaz batera, argazkilari lanetan, aspaldiko garaietan bertso eskolan ibilitako beste gazte bat. 20 bat entzule izan zituan saioak.

Bertso saioan aktualidadeko gaiak jorratu zituen, besteak beste, Coronavirusa, Zumarraundiko bidea eta aldaketa klimatikoa. Bertsolariek egin beharreko ariketak taldekako agurra, 8ko nagusia, 8ko txikia, puntuka, 4 oinak emonda, puntu erantzunak, amaierea emonda eta musikaz lagundutako koplak. Gai gehienetan umorea izan zan nagusi publikoaren barreak eraginez. Epaileen eretxiz, Lautadako ahuntzak izan zan talde irabazlea.


Gasteizko Errexala eta Sumendiola bete poto

Gerezti Unanuek agurrean esan bezela, askoren aletxuakaz gauza politak jazoten dira.

Zapatukoa be holako gau magikoa izan zan, Errexala alkartean izandako 35 lagunek zati batean ahaztuko ez dabena.

Josu Vadillo aurkezleak bikain bideratu eban saioa.

Epaimahaian Kristina Arteaga, Manex Garaio eta Fernando Sopelana.

Orain urte biko toki berean jokatutako desafioa presente egon zan hasiera hasieratik eta talde bakotxa mahaiaren alde desbardinetan jesarri zan. Agurrak be gerra usainean atondu zituen. Errexalakoak Star Warseko karetak jantzita eta Sumendiola Bete Potokoak, barriz, euren tronuari eutsi guran balkiriak.

Iparralde Gizarte Etxeko Bertsoaren Saltsako taldeak bertso sorta ederra taularatu eban zaldi baltz ezagun baten doinuan euren jantzi mexikar eta guzti. Zorionak Aintzane Guridi, Josu Vadillo, Xabi Aranburu, Oskar Goldaraz eta Idoia Lafuente!

Ofiziotan hastea Felipe Zelaieta eta Oier Lakuntzari egokitu jaken, zortziko handian. Lan baldintza kaskarrak zituen langile bi izan ziran, betiko dudeagaz: kejau ala ez kejau. Oierrek seme-alaben janaria eukan gogoan eta Felipek osasuna beste ezeren aurretik dagoala erantzun eutson.

Txikian erregina bako erlauntza bateko erle langilea izan zan Julen Martiartu, eta Garikoitz Sarriugarte, erlemandoa. Garik argi itxi eutson bera ez zala lanerako jaio, eta Julenek bera be aspertu zala eta ez ebala ezti gehiago egingo.

Lau oinak emonda zortziko txiki bi osotzeko txandea heldu zan. Eider Etxeberriak Markitosen gomuta magikoak nabarmendu eta beste taldekoek berak porrot egin eian desio arren, bera Robokop dala eta aurrera egingo dauela esan eban. Geresti Unanuek esan eban berak ez dauela ordainduko Errexala taldekoei eragingo deutsen kaltea.

Amaierea emonda bertsoa osotzerakoan, Maddi Juaristik egueneko greba ez zala porrota izan eta burrukak jarraituko dauela esan euskun. Ainara Balantzategik, ostera, historia irabazleak idazten dauela eta horregaitik liburuetan hutsune handiak dagozala.

Garik Ainhoa Aizpuruak jarritako puntuakaz hiru bertso osotu zituan. Coronavirusa ez jakola heldu, baina prest daukala maionesa Musa. Beñat Garaiok esan eban Frantziaraino joan zala maskarilla bila.

Kartzelako lana egiterakoan, Errexalakoak kalera atara zituzten Sumendiola Bete Potokoek kantatzen zuten bitartean. Igeri egiten ikasteko ikastaroaren lehen eguna zen. Igerilekura salto egiteko prest zeuden, txano eta guzti. Julen, Gerezti eta Beñatek burua ez sartzea zela gakoa eta mangitoa etxean utzi zutela esan ziguten. Errexalako Juan, Gari eta Felipek, berriz, inork ez zuen antza lehena izan nahi eta beteranoena, Juan, hain zuzen ere, bidali nahi izan zuten.

Koplaka Aita Semeak doinuan ibili ziran. Jon Zelaieta eta Oskar Goldaraz musikarien aginduetara. Felipek, Garik eta Juanek maletak galdu zituen Erasmuseko hiru ikasle izan ziran. Umorez hartu eben eta bekako dirua zerbezatan gastetea erabagi eben galtzontzillo zikinak jantzi behar izan arren.

Maddi, Oier eta Beñat bost izarretako hotel bateko garbitzaileak izan ziran. Kontau euskuen topautako gauzen artean kokainea, gepardaoak eta beste taldekoek galdutako galtzontzilloak egozala.

Ikusleen artean egoan Jesus Etxaburu, Getxori Kaxianoren Zorionak kantau geuntson bere 60. urtebetetze egunean.

Agurretan aita izan barri zan Manu Bendala txalotu eban jenteak.

Juanek epaimahaikoak bihotzez maite zituala esan arren, Sumendiola Bete Poto taldea izan zan irabazlea. Zorionak!

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu