Gastronomiako ehun talentu gazteak aurkeztu ditu Basque Culinary Centerrek

Bizkaie! 2020-02-04 08:07   Jan edanak

Berbaldi, mahai-inguru eta tailerrak egongo dira jardunaldi bitan.

Talentua barra-barra daukie ehun gazteek (argazkia: BCC) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zezeilaren 3an eta 4an, gastronomiaren ehun talentu gazte Basque Culinary Center-eko VII. Culinary Action-Gazte Talentu Foroan batuta dagoz, euren esperientzien barri emoten eta jakintzak alkarregaz konpartiduten. Sukaldaritzearen eta gastronomiaren munduko jokera barriak, teknologiaren rola eta etenbarik berrasmetan dagoan sektore bati zelan aurre egin aztertuko dabe. 

Gehienez 30 urte ditue aukeratutako ehun profesionalek. Gastronomiaren sektorearen balio-kate osoa ordezkatzen dabe, batez be, ekintzailetzea eta barrikuntza sustatu dabenak, aintzatespenen bat jaso dabenak edo etorkizun handiko ibilbidea hasita daukienak. Gastronomiaren gorengo mailan dabizanei galdetuta topau eta aukeratu ditue horreetako asko, adibidez, Michelin Izarra daben jatetxeetako profesionalei eta munduko jatetxe onenetan dabizanei.

Sukaldariak, produktoreak, ardaogileak eta enologoak dagoz aukeratu ehun gazteen artean, izan be, belaunaldi barriek hainbat bide profesional ditue buruan, eta agirian ixten dabe gaur egun lanbide asko dagozala gastronomiaren barruan, sukaldariez gan. Sektorearen harrobia dira, Basque Culinary Centerrekoen arabera.

Euskal sukaldaritzeak ordezkari ugari ditu ehun gazteen zerrendan: Koldo Manterola, Elcano jatetxeko sukaldaria; Ane Berasategi, Martin Berasategi jatetxeko komunikazino arduraduna;  Ignacio Zuzulich, Mugaritzeko sukalde burua; Aitor Maiztegui sumillerra; eta beste.

Erdiak baino gehiago Michelin Izarren bat daben jatetxeetako lantaldeetan dabiz, beste batzuek dagoeneko euren jatetxea zabaldu dabe. Gastronomian, gazte oso kualifikaduen belaunaldi barria indarrez dator eta sektoreak emoitza bikaina izango dau balio eta lehentasun barriak ekarriko dituen profesional horreek erakarri, integrau eta aprobetxetea lortzen badau. Hori dala eta, Basque Culinary Centerrek etorkizuneko sukaldeburu izango diran figura barriak autortu nahi izan ditu, baita hareei ahotsa emon be.

Asteleheneko jarduerak pasauta, martitzenean be bete-betea dator egitaraua. Merkadua eta konsumitzaile barriaren nahiak aztertuko ditue, eta bertan parte hartuko dabe Grupo Dani García, Azurmendi eta Too Good to Go-ko talentu gazteek. Goizeko bigarren blokearen ardatzak, barriz, sektore gastronomikoko ekintzailetzea, ekiteko bideak eta barrikuntzea ardatz. Bertan zenbait sukaldari, ekintzaile eta produktorek hartuko dabe parte, Borja Susillak (Tula), Gonzalo Baquedanok (Ajonegro) eta Sergi Platják (Becrit).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu