Irudikak egoitzen bidez saritutako proiektuak aurkeztuko ditu asteon

Bizkaie! 2020-02-03 12:06   Kulturea

Irudikak zezeilaren 6an, inaugurauko dau 2020ko jardueren egutegia.

Eusko Jaurlaritzeak sustatutako Irudika azokeak, ilustrazinoaren nazinoarteko azoka profesionalak, ilustrazino eta animazino diziplinetako egonaldi artistikoen programan parte hartuko daben proiektu bi aurkeztuko ditu. Zezeilaren 6an, Araiz Mesanza ilustratzailea eta Raquel Meyers artista Gasteizko ZAS Espazioan izango dira, eta berbagai izango ditue euren lana eta La Maison des Auteurs d’Angoulême eta Bilbaoarte zentro artistikoetako hile biko egonaldian landuko dituen proiektuen helburuak. Horren ostean, lan hori ikusgai egongo da Vital Fundazinoaren erakusketa zentroan Gasteizen.

Irudikak datorren zezeilaren 6an, arratsaldeko 19:30ean, inaugurauko dau 2020ko jardueren egutegia. Topaketa bat antolatu dau Gasteizko ZAS espazioan eta hor parte hartuko dabe Irudikaren 2020ko egonaldi artistikoak irabazi dituen artista biek, egonaldiotako proiektuak aurkezteko.

Araiz Mesanza eta Raquel Meyers-ek berbaldi edegia eskainiko dabe, Kike Infame marrazkilari eta Irudikako antolakuntzako kidearen gidaritzapean. La Maison des Auteurs d’Angoulême (Gasteizegaz senidetutako herria) eta Bilbaoarte Fundazinoan hile bitan egingo daben lanaren barri emongo dabe. Denpora horretan, artista bakotxak bere proiektua egingo dau, bere bitartez jorratzeko Irudika 2020 azokearen irudia eta azokearen sustapenerako klip lez erabiliko dan animazinoa. Egonaldia amaitzeko, apirilaren 6tik aurrera erakusketa bat egingo da Vital Fundazinoaren erakusketa zentroan Gasteizen.

Irudikaren egonaldi-lehiaketearen hirugarren edizino honek helburutzat dauka ilustratzaile eta animatzaile profesionalen sorkuntzea eta nazinoartekotzea bultzatzea. 2019ko deialdiak nazinoarteko proposamenak jaso zituan ilustrazino kategorian, eta Estadu mailakoak animazino kategorian. Ondokoak izan ziran lehiaketa haretako epaimahaikideak: Ainhoa Sánchez, Acción Cultural Española erakundeko liburu saileko arduraduna; Juan Zapater, Bilbaoarte Fundazinoko zuzendaria; Pili Muñoz, Maison des Auteurs d’Angoulême zentroko zuzendaria; Genis Rigol, 2019ko animazinoko egonaldiaren irabazlea eta Maite Caballero, 2019ko ilustrazinoko egonaldiaren irabazlea.


Ilustrazinoaren arloan, Araiz Mesanza (Gasteiz, 1983) izan zan artista irabazlea

Epaimahaiaren eretxiz, proiektuaren potentzial handiagaitik eta nazinoartean moldatzeko dauen gaitasunagaitik, obran be islatzen baita. Haren moldakortasun teknikoa eta auto-edizinoetan metatua dauen esperientzia nabarmenak dira haren proposamenean. Araiz UPV/EHUn, Arte Ederretan lizentziau eta ilustrazinoan espezializau zan Escola Massana arte eta diseinu zentroan (Bartzelona). Ilustratzaile ibili da 2009tik, eta 2011n Ediciones Armadillo kolektibo independentea sortu eban, ilustrazino eta komiki fanzine kolaboratiboak argitaratzen baititu beste proiektu personal batzuekaz batera. 2016tik Oslon bizi da (Norvegian), ilustratzaile eta artista bisual bezela lan eginez.



Raquel Meyers-ena izan zan (Cartagena, 1977) animazio kategoriako proiektu aukeratua

Epaimahaiak artista hau nabarmendu eban proposamen erradikal eta barritzaileagaitik, teknika zaharkituak erabilten baititu biharko irudiak transmitiduteko, etorkizuneko nostalgia sortuz. Bilbon bizi dan artista murtziarrak bere praktikak deskribiduten ditu esanaz mekanografia zabaldu bat dala (KYBDslöjd), testuaren karaktereak eta erretikulak lengoaia sendo bihurtzen baitira, hau daa, berehalako asebeteterik eskaintzen ez dauen ezagutza mueta bat. Erronkea joten deutse pasibotasunari, asperdureari eta sinpletasunari iraganeko teknologiak erabiliz, besteak beste, C64, teletestua eta idazteko makinea. 2004tik, haren lana ikusgai izan da arte zentroetan, galerietan eta hainbat jaialditan, besteak beste, LABoral, Transmediale, Ars Electronica, Vector Festival, La Casa encendida, IVAM, Matadero, BilbaoArte, iMAL, Liste Art Fair Basel, Tokyo Blip Festival, Square Sounds Melbourne, LEV, MFRU, BEK zein bestelakoetan.


Egonaldietako parte-hartzaileek diru-sari bat jasoko dabe, baita be poltsa bat dieta, material eta garraiorako (2.100 euro). Eusko Jaurlaritzearen, Vital Fundazinoaren eta Euskal Irudigileak alkartearen ekarpenei (ilustrazino kategorian) eta Acción Cultural de España alkartearen laguntzinoari (animazino kategorian) esker da posible aurrera eroatea Irudikaren egonaldi programea. Irudikak baditu beste kolaboratzaile batzuk be: Angoulême-ko Udala, La Citè Internationale de la Bande Dessinée, Bilbaoarte Fundazinoa, Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu