Nobedadez beteta ekin deutso urteari Arte Eder Museoak

Bizkaie! 2020-02-03 11:42   Kulturea

Vicente Ameztoy, Darío de Regoyos eta abarren obrak ikusi ahal izango dira.

Vicente Ameztoyren obrea zezeilaren 12an helduko da Bilbora. | Ikusi handiago | Argazki originala

Urteko lehenengo seihilekoko programazinoaren barri emon dau Bilboko Arte Eder Museoak. Erakusketa barri asko dagoz iragarrita udea hasi aurretik, ezaugarri ugaritakoak: Artisten atzera-begirakoak, bildumazaleen obrak, soineko eta apaingarriak... Ganera, Isabel Baquedanoren erakusketeagaz lotutako berbaldiak eta topaketak egongo dira martian, eta Víctor Erice zinemagilearen obreari lotutako zikloak aurrera segiduko dau.

Urte barriak ekarriko dauen erakusketa handietako bat laster helduko da Arte Eder Museora. Zezeilaren 12tik, Vicente Ameztoy artista gipuzkoarraren (1946-2001) ibilbidea hartzen dauen ibilbidea aurkeztuko dabe, eta obra osoaren irakurketa bateratua eskainiko da lehenengo aldiz. 1970eko hamarkadan euskal arteari bueltea emon eutsan Ameztoyk, figurazinoaren bidez. Javier Viar eta Begoña Alzuri dira komisarioak.

Martiaren 11tik, José Entrecanales eta Santiago Corral injineruen bildumak ezagutu ahal izango ditu publikoak. XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran artista espainiarrek paisajea zelan landu eben erakutsiko dabe erakusketa horren bidez, Aureliano de Beruete, Darío de Regoyos, Joaquín Sorolla eta abarren obrak ekarriko ditue.

Udea hastear dala, modeari eta jantzigintzeari eskainitako erakusketea zabalduko dau museoak, bagilaren 10ean, Palais Galliera Parisko modearen museoa laguntzaile dala. Gure gorputzak erropeagaz dauen loturea ikuspegi soziologiko eta psikologiko batetik jorratzen da, XVIII. mendetik gaur egunera bitarteko soineko eta osogarrien ehun pieza baino gehiagoren bidez.

María Josefa Huarteren bildumea be bagilean helduko da Bilbora. 1950 eta 1970eko hamarkaden artean Huarte familia nafarrak osotutako bilduma parebakoaren lagin bat erakutsiko dabe, 18 artistaren 47 obra hain zuzen. Artista ospetsuen izenak agiri dira tartean: Chillida, Oteiza, Kandinski, Rothko... modernidaderanzko bide estetikoa zan abstrakzinoa María Josefa Huarterentzat, eta idea hori agirikoa da bere bilduman.

Gitxigaitik bigarren seihilekoan zabaduko daben arren (garagarrilaren 2an) Patricia Phelps de Cisnerosen bildumearen aurrerapena be egin dau Arte Eder Museoak. Europako eta Estadu Batuetako artistek Latinoamerikako paisajeen aurrean behinola sentidu eben jakinmina jorratzen dau obren moltso aberats horrek. 150 pieza dira danetara, besteak beste pinturak, marrazkiak liburuak, estanpak eta argazkiak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu