II. Emakumeak Bizkaian, zezeileko martitzenetan

Bizkaie! 2020-01-31 11:00   Kulturea

Emakumeak Bizkaian. Zelakoak gara, zelan ikusten gaitue lemapean egingo dira

Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Euskalerriaren Adiskideen Alkartearen (EAE) Bizkaiko Batzordea alkarregaz ibiliko dira barriro, emakumeek gizartean beteten daben lekuaren ganean gogoetea egiteko eta eztabaidatzeko gonbita egiten daben jardunaldi interesgarriak eskaintzeko. Emakumeak Bizkaian. Zelakoak gara, zelan ikusten gaitue izenburuagaz, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskalerriaren Adiskideen Alkarteak (RSBAP), igaz lehenengoz eta erantzun bikainagaz egindako Emakumeak Bizkaian Jardunaldiaren II. edizinoa antolatu dau.

Jardunaldiek, beste horrenbeste gai jorratuko dituan lau mahai-inguru izango ditue, eta zezeilaren 4an, 11n, 18an eta 25ean, 18:30etik 20:00etara Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzearen Ekitaldi Aretoan (Hurtado de Amezaga, 6) egingo dira.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak eta RSBAP alkarteko Estibaliz Apellanizek, Begoña Cavak, eta Inés Pellónek, jardunaldiak eta igazko jardunaldien berbaldi interesgarriak batzen dituan Emakumeak Bizkaian, argi-itzalak liburua aurkeztu dabe gaur.

Otaduik azaldu dauenez, aurten hizlari guztiak ez dira emakumeak izango: Gizonezkoak be ekarri gura izan doguz, euren ikuspegia emoteko, bardintasuna guztion artean eregiten da eta. Bizkaiaren erradiografia emongo deuskuen kalidadezko hizlariak eta profesional bikainak dira, azpimarratu dau.

II. jardunaldi horreek, Bizkaiko emakumeek XXI. mende honetan dituen planteamentuen, jakin-minen, rolen eta erronken ganeko ahots eta eretxiak gehitzen jarraituko dabe.


Hizlari azpimarragarriak

Aurten, emakumeek, alkarren artean zerikusi handirik ez daben arloetan, kiroletan, barrikuntzan, teknologian, sare sozialetan edo kudeaketa sortzailean, hain zuzen be, egin daben beharraren proiekzinoa, aztertu gura da, gai bakotxa emakumeen eta gizonen eretxiakaz jorratuta. Jardunaldiotan euren eguneroko jardunbide profesionala kirol edo museo munduko kudeaketako, ikerketa zientifikoko, barrikuntza teknologikoko edo hezkuntzako erantzukizuneko lanpostuetan beteten daben emakumeen presentzia izango dau. Horreen artean dagoz Ainhoa Hernández eskubaloi jokalaria eta munduko azpi-txapelduna, Marta Macho zientzialaria, Bardintasunaren Emakunde sariduna edo Miren Arzallus historialaria, Pariseko Moda Museoaren zuzendaria.

Emakumearen Nazinoarteko Egunaren aurrekari moduan, zezeileko martitzen guztietan gai honeek jorratuko ditue: Emakumeak kirolean (zezeilaren 4an), Emakumeak gizartearen erronka handien aurrean (zezeilaren 11n), Emakumeak, gazteria eta gizarte-sareak (zezeilaren 18an) eta Emakumeak, sormen-kudeaketan eta komunikazioan (zezeilaren 25ean).

EAEko kide eta unibersidadeko doktore diran Inés Pellónek, Eva Arriluceak, Estibaliz Apellanizek eta Begoña Cavak moderauko ditue lau mahai-inguruak. Hogei hizlari inguruk, gehienak emakumeak, hartuko dabe parte leku guztiak bete arte sarrera librea izango daben mahai-inguruetan.

150 ale

Jardunaldiakaz batera, Las mujeres en Bizkaia, luces y sombras liburua be aurkeztu da. Liburuaren 150 ale argitaratu dira, eta bertan 2019ko zezeilaren 5, 12, 19 eta 26an egin ziran I. Jardunaldietako ondorioak eta proposamenak jaso ditue. 

Mª Begoña Cava eta Inés Pellón dira Emakumeak Bizkaian jardunaldien lehenengo edizinoaren ekarpen baliotsuak jaso gura dituan liburuaren editoreak.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak argitalpenaren hitzaurrean esaten dauen moduan: Emakumeen erresilientziaren eta sororidadearen garaian gagoz, emakumeen arteko ahiztatasun hartu-emon horreetan, eta bardintasunaren aldeko apustua egin eta horretan dabizen gizon askoren konplizidadeagaz, gizonen eta emakumeen arteko gero eta bardintasun handiagoaren benetako etapa barria zabalduko dau Bizkaian.

Bardintasuna, guztion helburua

Bizkaiko Batzar Nagusiek Euskalerriaren Adiskideen Alkarteagaz, 1764an sortu eta euskal kulturearen arloan antxinakoena dan erakundeagaz batera antolatu dabe berbaldi programea.  Alkartearen Bizkaiko Batzordearen jardueren ezaugarria dan informazino, pentsamentu, eztabaida eta proposamen dinamikearen barruan sartzen dira, baita Bizkaiko Batzar Nagusiek, emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna lortzeko bere jarduketearen arlo guztietatik bultzatzen dauen helburuaren barruan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu