Kultura eta sormen industriek 6.800 lanpostu sortzen ditue EAEn

Bizkaie! 2020-01-31 12:55   Kulturea

Urteko txostena argitaratu dau Eusko Jaurlaritzeak.

Joxean Muñoz, Bingen Zupiria eta Aitziber Atorrasagasti (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Artearen, sormenaren eta kulturearen sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomian daukan eragina neurtzen dauen txostenaren barri emon dau Eusko Jaurlaritzeak, Bilbon egindako agerraldian. Kulturearen Euskal Behatokiak egin dau azterlana. Aurkezpenean egon dira Bingen Zupiria sailburua, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kulturea sustatzeko zuzendaria.

Sektorearen barruan, ekimen publikoa zein pribadua hartu dira kontuan azterlanean, honeetan arloetan: Arte eszenikoak, ikusizko arteak, musikea, liburuak eta ikus-entzunezkoak. Sormen industriei buruzko estadistikea, aldiz, lehen aldiz egin da. Kasu horretan, arkitekturea, diseinua, hizkuntzearen industriak, modea, publizidadea eta bideo-jokoak jorratu dira.

Enpleguaren aldetik sektoreak daukan pisua azpimarratu dabe lehenik eta behin: Urtero, 6.800 lagun ingururentzako lana emoten dabe arteak, sorkuntzeak eta jarduera kulturalek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian. Kultureagaz eta sormenagaz lotutako sektoreek oso eragin garrantzitsua dabe gure ekonomian, ia 7.000 personari emoten deutsie lana era zuzenean, azpimarratu dau Joxean Muñozek.

Mila eragile baino gehiago batzen ditu sektoreak, eta danek batera 762 miloe euroko diru-sarrerak izan ditue. Ikus-entzunezkoen industria da diru-sarrera handienak dituana (178 miloe), publizidadea dator gero (158,5 miloe), eta musikea (90,3 miloe), liburu-industria (70,9 miloe) eta hizkuntzen industria (64,3 miloe) be gorengo postuetan dagoz.

Enpleguari jagokonez, ostera, publizidadea da lanpostu gehien dituan arloa (1.504 behargin). Atzetik datoz ikus-entzunezkoak (1.416) eta hizkuntzearen industriak (1.148).

Azterlanak dinoanez, euskereak leku nabarmena dau antzerkigintzan, diskoetan eta liburuetan. Euskerea hizkuntza nagusia da hiruretan. Ikus-entzunezkoetan, ostera, % 19,9 egiten da euskeraz, edo % 29,8 EiTB kontuan hartuta. Gipuzkoan produziduten diran ikuskizunetako % 71,1 euskeraz dira, eta programautako emonaldi guztien % 56,3. Araban eta Bizkaian baino leku handiagoa dauka han euskereak, beraz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu