XIV. mendeko txanpon belgikar bat topau dabe Lekeitioko islan

Bizkaie! 2020-01-31 11:15   Kulturea

Atabaka taldeko boluntarioek topau, eta Aranzadi Zientzia Alkarteko adituek identifikau dabe.

Garraitzen agertutako txanpon batzuk (argazkia: Atabaka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lekeitioko Garraitz ugartean uda guztietan egiten dituen indusketa arkeologikoei bultzadea emongo deutsen nobedade baten barri emon dau Atabakak, boluntarioen bidez horreek lanak egiteaz arduratzen dan taldeak. Azken kanpainan topautako txanpon batzuk nozkoak eta nongoak diran identifikau ahal izan dabe Aranzadi Zientzia Alkarteko numismatikariek, eta balio handiko piezak dagoz tartean.

Ikuspegi zientifikotik, deigarriena XIV. mendeko txanpon bat da, gaur egun Belgika dagoan eremuan egindakoa. Brabanteko Dukerriko txanpona da, Joana Brabantekoa erreginaren eta Wentzeslao I.a Linburgokoaren sasoikoa. Aranzadikoen arabera, 1355 eta 1383 urteen artean egindako txanpona da.

Kobrezko pieza hau ez da handia, 19 mm pasautxu da zabal eta pisuan gramo batera be ez da heltzen. Ia 700 urteko bizitzearen ondoren, pixka bat hondatuta dago, baina jatorrizko irudi eta inskripzinoak irakurri leitekez oraindino. Horri esker identifikau ahal izan dabe txanpona Aranzadikoek.

Brabantekoaz gan, beste leku batzuetatik Lekeitioko islara heldutako txanpon gehiago be identifikau ditu Zientzia Alkarteak. Portugal, Eskozia eta Gaztelakoak dira. 2019ko kanpainearen emoitza onari esker, Atabakak indusketak egiten segidu ahal izango dau. 2015etik, urtero joaten dira, udan, herritar boluntarioen laguntzinoagaz. Harresi eta eraikinen oinarriak, beheganeko harrien aztarnak eta era askotako objektuak agertu dira.

Indusketei esker, Lekeitioko Garraitz ugartearen azken 700 urteotako historia zehaztasun handiagoz ulertzen hasi dira adituak. Orain arte ezezaguna izan dan ondare historiko eta naturala agirian geratu da, eta hurrengo kanpainetan ezkutuko historia horren pasarte gehiagoren aztarnak topetea da asmoa. Atabakaren oinarria auzolana da, baina Aranzadiko adituen begiradapean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu