Umore ona nagusi Kuadrillarteko Txapelketearen lehenengo astegoienean

Bizkaie! 2020-01-29 15:24   Bertsolaritzea

Laudion, Korresen eta Aramaion jokatu dira saioak.

Laudioko saioa (argazkiak: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Martxan da 2020ko Kuadrillarteko Bertsolari Txapelketea Araban, eta giro onean hasi dala esan leiteke, lehenengo hiru saioetako kronikei kasu egin ezkero, behinik behin. Laudio, Korres zein Aramaioko kanporaketetan, umorea izan zan protagonistea, baina, hori bai, lehiaketeari uko egin barik. Hurranez hurran, Errexala (Gasteiz), Kakiturriko Gladioloreak (Gasteiz) eta Konde basoko iluek (Aramaio) izan ziran irabazleak.

Laudio

Basalarrina alkartearen egoitzan kantau eben talde biek. Etxekoak, Aiaraldeko Altubepekoak; kanpokoak, Errexala gasteiztarrak. Ander Fernandez aurkezle, eta adi-adi 25 entzule. Agur kolektiboen ondoren, zortziko handian eta txikian ofizio bana abestu behar izan zituen bertsolariek.

Ainhoa Comasek (Altubepekoak) eta Garikoitz Sarriugartek (Errexala), iturgin lanpostura aurkeztutako lagun bi ordezkatu zituen, patroiak mutila aukeratu ebala eta. Sarriugarteren borondate onaren aurrean, karidadea ez, justizia behar dala nabarmendu eban Comasek. Zortziko txikian, zaintza lanak izan zituen berbagai Manu Bendalak (Errexala) eta Izar Mendigurenek (Altubepekoak). Puntu erantzunetan Aiarako jenteari kantau eutsien Unai Mendibilek (Altubepekoak) eta Garikoitz Sarriugartek. Lau oinak emonda, amaierea emonda, puntuka eta koplaka be ibili ziran. Saio bizia izan zan, eta Errexalak irabazi eban.

Korres

Herriko tabernan batu ziran, afaldu eta bertso onak botetako asmoz. Mendialdeko Bertsolarriak etxean kantari ibili ziran arren, Gasteiztik etorritako Kakiturriko Gladioloreak izan ziran nagusi. Gau umoretsuaren erakusgarri, Mendialdekoak txanoak eta koloretako elastikoak jantzita agertu ziran saiora.

Saio puntuagarrian ez eze, ariketa ofizialetatik kanpo be ahalegin handia egin eben talde biek. Hasierako agurretan musika elektronikoa izan eben lagun, eta, amaieran, epaileek euren ebatzia emon bitartean, rap estiloan kanteteari ekin eutsien bertsolariek.

Aramaio

Bertso giroan bete-betean sartuta ibili da azkenaldion Aramaio. Hilaren 18ko Bertso Egunaren ostean, 24an, Kuadrillarteko saioa heldu zan hango Marixeka alkartera. Disfrutetako aukera bikaina izan zan, Aramaioko taldeen arteko derbi errimatua entzun ahal izan zalako afalostean.

Konde basoko iluek eta Izenbakuek, biak dira Aramaioko taldeak. Lehenengoek irabazi eben lehiakortasun biziko saioa. Etxeko taldetik (Konde basoko iluek), Xabi Igoa, Aitor Ugarte, Martin Abarrategi eta Paula Amilburu bertsolariak ibili ziran kantuan, eta gaiak jarten, Lierni Altuna. Izenbakuek taldetik, berriz, Peru Abarrategi, Manex Agirre eta Danel Herrartek egin eben  bertsotan. Saio arina izan zan, tarteka Amaia Arregi eta Irati Lasagaren trikiti doinuek lagunduta.

Saioa hasteko, Aramaioko bertso-eskolako gazteek kuadrilleari buruzko bertso-sortea eskaini eutsien entzuleei, hona ale eder bat:

Aitortzarena ideia txarra 

izango zen beharbada,

zeren ez dugu asko luzatu

gure eskerren ilara…

Nahiz sarri izan gerrak,

kuadrillari eskerrak

egin dugu maiz algara…

Gure alde txar ta alde onak

baina asko maite gara.

Korreseko saioa.
 
Aramaioko saioa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu