Amaia Apalauzak, Sonia Kolaczek eta Joxe Mari Berasategik irabazi dabe aurtengo Zaitegi saria

Bizkaie! 2020-01-29 12:30   Kulturea

Aurten Nobel saridunen eleberri bana argitaratuko dau euskeraz Elkar argitaletxeak.

Amaia Apalauza (Argazkia: EIZIE) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtebeteko isilaldiaren ondoren, igaz Literaturako Nobel sari bikotxa emon eban Suediako Akademiak: 2018. urteari jagokona Olga Tokarczuk idazle poloniarrari eta 2019ari jagokona Peter Handke idazle austriarrari, eta oraintxe erabagi dira hareen obra bana euskeratuko daben itzultzaileen izenak: Amaia Apalauzak eta Sonia Kolaczek-ek batera aurkezturiko proiektuak irabazi dau Tokarczuk itzultzeko lehiaketan, beste sei hautagairen artean, eta Joxe Mari Berasategik jaso dau Handke euskeratzeko enkargua, beste hamahiru lehiakide gaindituz. Holan erabagi dabe aurten izan diran epaimahai biek: polonierazkoan Amaia Donés Mendia, Dorota Krajewska eta Monika Czerny izan dira epaile, eta alemanierazkoan David Lindemann, Eli Manterola eta Idoia Santamaria.

Literaturako Nobel saridunak euskeratzeko erabilitako Jokin Zaitegi sariketea AEDk eta Elkar-ek antolatzen dabe 2002. urtetik, azken urteetan Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzinoagaz.

Ondo bidean, 2020 urtea amaitu aurretik Nobel saridun bi horreen eleberri bana argitaratuko dau euskaraz Elkar argitaletxeak: Olga Tokarczuk-en Prowadz swoj plug przez kosci umarlych eta Peter Handke-ren Die Angst des Tormanns beim Elfmeter.

Behin-behinean, holakoak izan daitekez euskeraturiko izenburuak, hurranez hurran: Eraman zure goldea hildakoen hezurren gainean eta Atezaina penaltiaren beldur.


Azken urteotako irabazleak

2002 Imre Kertesz: Zoririk ez
Itzultzailea: Urtzi Urrutikoetxea.

2003 J.M. Coetzee: Lotsaizuna
Itzultzailea: Oskar Arana.

2004 Elfriede Jelinek
Itzulpen saria emon barik geratu zan.

2005 Harold Pinter: Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk
Itzultzailea: Iñigo Errasti.

2006 Orhan Pamuk: Elurra
Itzultzailea: Monika Etxebarria / Fernando Rey.

2007 Doris Lessing: Belarra kantari
Itzultzailea: Koro Navarro.

2008 J.M.G. Le Clézio: Basamortua
Itzultzailea: Luis Berrizbeitia.

2009 Herta Müller: Hatsaren kulunka
Itzultzailea: Ibon Uribarri.

2010 Mario Vargas Llosa: Pantaleon eta bisitariak
Itzultzailea: Santi Leoné.

2011 Tomas Tranströmer: Bizientzat eta hilentzat
Itzultzailea: Juan Mari Aguirreurreta.

2012 Mo Yan: Hori da umorea, maisu!
Itzultzaileak: Maialen Marin / Aiora Jaka.

2013-2014 Zaitegi Saria ezin izan zan antolatu.

2015 Svetlana Aleksievitx: Gerrak ez du emakume aurpegirik
Itzultzailea: Iker Santxo Insausti.

2016 Bob Dylan: Ehun kanta (oraindik argitaratu barik)
Itzultzailea: Gartxot Unsain.

2017 Kazuo Ishiguro: Egunaren hondarrak
Itzultzaileak: Amaia Apalauza / Iñigo Roque.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu