Sabino Arana Sariak banatu ditue, Juan Mari Atutxaren agurrean
2020-01-27 07:54 Pil-pileanUrtero legez, Bilboko Arriaga Antzokian banatu ditu sariak Sabino Arana Fundazinoak, gizarteko, kulturako eta politikako ordezkari ugari batu dituan ekitaldian. Baina, 31. edizino hau berezia izan da, besteak baino hunkigarriagoa, Juan Mari Atutxa erakundeko presidenteak kargua itxiko dauela iragarri dauelako.
Politikagintzearen lehen lerroan ibili eta gero (besteak beste, Jaurlaritzako Barne Sailburu eta Eusko Legebiltzarreko presidente izan zan), Sabino Arana Fundazinoaren buruzagitzeari buru-belarri heldu eutsan Juan Mari Atutxak 2005ean. Irune Zuluaga zuzendariagaz batera, Fundazinoaren gidari eta ordezkari ezagunena izan da, baina, ezustean, agur esango dauela iragarri dau Arriagako ekitaldian.
Sabino Arana Sariei jagokenez, 2019ko irabazleek esker onez hartu ditue euren oroigarriak. Xabier Madariaga kazetariak aurkeztu dau ekitadia, eta Euskadi Brass taldeak girotu. Irabazleei ez eze, Juan Mari Atutxari be oroigarria emon deutsie.
Konpromisoagaitik da berezia gaurko eguna. Balioek, jasangarritasunak, aniztasunak, euskereak, nazinoek… honeek guztiek eta zuek lagunok egiten dozue berezia gaurko eguna, esan deutse Juan Mari Atutxak sarituei. Saski Baskoniako presidente Josean Kerejetak igon dau lehenengo oholtzara, klubaren izenean oroigarria jasoten. Hogei urtez Europako txapelketetan beti goialdean egon dan euskal talderik topetea gatxa dala adierazo dau Kerejetak.
Ternua Group euskal enpresako ordezkariek hartu dabe saria ondoren. Juan Luis Lasa gerentearen arabera, enpresa txikia izatetik nazinoarteko merkaduan lehiatzera eroan dituan ezaugarria zuztarrak dira, Ternuak badaki non gagozan eta nor garen.
Naizen Alkartearen izenean, Bea Sever bozeroalea ez eze, oholtzan izan dira Ian, Naroa eta Izar, beste ume transexual askoren ordezkari. Lehenengo urtea bete dau Naizenek, baina, Severrek gogora ekarri dauenez, orain dala bost urte hasi zan lanean Chrysallis Euskal Herria, umeen transexualidadearen ganean inork berbarik ez ebanean egiten.
Andres Urrutia euskaltzainburua izan da hurrengoa saria hartzen. Norbanako legez saritu daben arren, herri honen aurrerabidea auzolanak dakarrela nabarmendu dau. Azkenik, Korsikatik etorri da Gilles Simeoni.
Argazkiak: Sabino Arana Fundazinoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!