Goiatz Labandibar eta Javier Díez Carbona, Teatro Laburren Sariko irabazleak
2020-01-24 13:32 KultureaCafé Bar Bilbaok antolatu dau lehiaketea, Tartean Teatroa konpainiaren laguntasunagaz.
Antzerkietako gidoigintzea bultzatzeko asmoz, urtero antolatzen ditue Café Bar Bilbao Teatro Laburreko Sariak, izen bereko tabernearen ekimenez eta Tartean Teatroa laguntzaile dala. Euskerazko zein gaztelaniazko modalidadeetan, formatu txikiko obretarako gidoiak saritzen ditue.
Aurten, 17. edizinoan, Goiatz Labandibarrek irabazi dau euskerazkoan. Gaztelaniazko modalidadean, Javier Díez Carbona izan da onena. Bakotxak 800 euro jasoko ditu, eta Café Bar Bilbaoren webgunean jarriko ditue testuak laster.
Antolatzaileen arabera, sarion ezaugarri nagusia formato txikira egokitzen diran antzezlanak laguntzea da. Honek esan nahi dau, antzezlanaren beharrizan teknikoak eta artistikoak txikiak izan behar dirala, eta banaketa eta produkzino errazekoak. Hasi barri diran dramaturgoei bultzadea emoteko aproposa da. Halandabe, eskarmentu luzeko autoreek be hartzen dabe parte, eta irabazleen palmaresean dagoz Aizpea Goenaga, Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Galder Perez, Pako Aristi...
Goiatz Labandibar Arbelaitz oiartzuarrak Salaketa izeneko antzezlanaren gidoiari esker irabazi dau lehenengo saria. Hain zuzen be, zezeilaren 6an testu horren irakurketa dramatizadua egingo dabe Café Bar Bilbaon (20:00). Ogibidea komunikazinoaren munduan daukan arren, literaturan be ibilten da Labandibar, argitaratu dituan hiru ipuin-liburuak horren lekuko.
Salaketa lanak absurdotik asko dauka, abiapuntutik hasita: Persona batek salaketea ipini nahi dau, igarle batek ez ei dauelako esandakoa asmau. Funtsean, salatzailearen eta justizia-administraziko beharginaren arteko alkarrizketea da Salaketa, umoretsua eta ironiaz betea.
Gaztelaniazko gidoien atalean, ostera, Javier Díez Carbonak idatzitako Digresiones de Don Quijote y Sancha lanak irabazi dau sari nagusia. Bilbon jaiotako idazle honek gazteentzako literaturan liburu bi ditu argitaratuak, eta sariak irabazi izan ditu poesian zein antzerki laburrean. Aurkeztu dauen gidoia diruaren potere ustelaren parabolea dala dino. Halandabe, umoretsua da kontaketea, eta prosazko eta neurtitzezko pasarteak tartekatzen ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!