Zientzia emakumeen kontua be badala aldarrikatuko dabe

Bizkaie! 2020-01-24 12:14   Pil-pilean

Zezeilaren 7tik 14ra jarduera ugari egingo ditue, bederatzi erakunderen alkarlanari esker.

Donostian aurkeztu dabe egitaraua (argazkia: Emakumeak Zientzian) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zientziaren eta ikerkuntzearen alorreko bederatzi euskal erakundek bat egin dabe, zezeilaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguna alkarregaz ospatzeko. Lankidetza horri esker, astebeteko egitarau zabala atondu dabe, zezeilaren 7tik 14ra, Emakumeak Zientzian 2020 programearen barruan. Emakume zientzialarien lana gizarteratzea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonentzat bakarrik dirala guzurtetea eta neskak zientziara erakartea dira helburuak.

Ekimenagaz bat egin daben erakundeak honeek dira: CIC Nanogune ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa, CIC Biomagunea, Donostia International Physics Center, Biodonostia, Tecnun, Ceit, Polymat eta Elhuyar. Agerraldia egin dabe Donostian, hurrengo hileko jardueren barri emoteko.

Erakunde horreek Donostian eta inguruetan dituen instalazinoetan egingo dira jarduera guztiak. Parte hartzea doban da, baina izena emon behar da aurretik (hemen). Edade guztietako jentea asetzeko moduko programazinoa egiten ahalegindu dira erakunde bultzatzaileak.

Zientzia bada nesken kontua tailerrak zabalduko dau egitaraua, zezeilaren 7an, eta 14 eta 18 urte bitarteko gazteek zientzialarien zereginak ezagutzeko aukerea izango dabe. Egun berean, Zientzialariak atzo eta gaur jardunaldian, sei emakume zientzialarik egingo dabe berba.

Familientzako ginkanea antolatuko dabe 8an, Donostiako Ibaetako campusean, eta 10ean, Injineru izatera olgetan tailerrean 12 eta 16 urte bitartekoek hartuko dabe parte. Institutuko ikasleentzako bestelako jarduerak be badagoz egitarauan.

Amona's power dalako jardueran, hilaren 13an, emakume helduek zientziaren transmisinoan daben garrantzia gogoan hartuko da. 55 urtetik gorakoek gaur egungo azpiegitura zientifikoak eta bertan egiten dan lana ezagutuko dabe bertatik bertara.

Azkenik, zientzia komunidadearentzako mahai-ingurua antolatu da, Bardintasuna zientzian, esperientziak eta etorkizuna izenburupean, 14an. Zientziaren eta teknikearen alorretan dabizan emakume ugari izango dira bertan, euren ikuspuntuak konpartiduten. Ingelesez izango da mahai-ingurua, antolatzaileen arabera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu