Temples ingelesek eta Sara Zozayak zabalduko dabe 9. MAZ Basauri
2020-01-24 09:07 MusikeaMartiko asteburu bitan egingo dabe jaialdia.
Udabarriari ekiteko plan bikaina atondu dabe Basaurin, MAZ jaialdiaren 9. edizinoak goi mailako musikariak eroango ditualako herriko kale eta aretoetara. Egitarauko artisten barri emon dabe, eta nabarmentzekoa da Temples talde ingelesa Basaurira etorriko dala. Rock eta pop doinuak lantzen ditu James Bagshawk eta Tom Walmsleyk sortutako taldeak, psikodelia ikutu nabarmenduna.
Martiaren 13an hasiko da MAZ Basauri, Social Antzokiko kontzertuagaz. Hain zuzen be, emonaldi horretan bertan joko dau Templesek. Banda ingeles ezagunagaz batera, bertoko talentuak be lekua izango dau barikuko saio horretan: Sara Zozaya gazte donostiarraren doinuak entzun ahal izango dira. Azkenaldion ospea lortzen dabil Zozaya zaleen artean, talentu goiztiarrari eta abesti erakargarriei esker.
Martiaren 14an, zapatua, eta hurrengo asteburuan, martiaren 20 eta 21ean, kontzertu gehiago dakarz MAZek. Manel, Eric Montefusco, La Bien Querida, 12Twelve, Lumi, Hidrogenesse, Viva Belgrado eta Mice dagoz egitarauan. Horrezaz gan, Rockein lehiaketako irabazleek be lekua izango dabe. Sara Zozaya bera, Samoah, Cäctus eta Dukkha datoz sariketa horretatik. Publikoaren Saria irabazi eban Dukkhak.
Social Antzokian egingo diran kontzertuetarako sarrerak salgai dagoz dagoeneko, eguneko 12 euroren truke. Lau egunetarako bonoa 30 euroan erosi leiteke. Prezioei gastuak gehitu behar jakez. Kontzertuaren egunean bertan, txarteldegian, 15 euro izango da salneurria.
Egitarau nagusiagaz batera, bestelako jarduerak be atondu ditue MAZ Basauriren harira. Esate baterako, martiaren 14an, TxikiMAZ egingo dabe, umeentzako olgeta eta tailer eta guzti. Kleenex Fanclub taldeak gazteentzako kontzertua joko dau. TxikiMAZ herriko kaleetan egingo dabe, eta parte hartzea doban izango da.
Egunean eguneko egitaraua eta ordutegia, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!