Hasi da Bizkaiko sagardao denporaldia
2020-01-24 08:06 Jan edanakBertoko sagarragaz gero eta gehiago egiten da sagardaoa.
Zornotzako Uxarte sagardotegian egin dabe Bizkaiko produktoreek 2020ko denporaldia zabaltzeko ekitaldi ofiziala. Lehenengo txotxa goi mailako atleta bik egin dabe, Mikel Garciak eta Javi Condek. Inas Global Games txapelketan urrezko hiru domina irabazi zituan Garciak, Australian; Conde da bere entrenatzailea, eta txapeldun paralinpiko beteranoa be bada.
Ekitaldian parte hartu dabe, ganera, Bizkaian sagardaoa artisau eran egiten daben zortzi produktoreen ordezkariek eta erakunde publikoetako arduradunek: Jaurlaritzako Bittor Orozek, Bizkaiko Foru Aldundiko Elena Unzuetak eta Amorebieta-Etxanoko alkate Andoni Agirrebeitiak.
Urte honetako datuak onak dirala adierazo dabe sagardaogileek, uzta oparoa egon da. 150.000 litro produzidu ditue, igaz baino 45.000 gehiago. Kontuan izan behar da, upategiok egiten daben sagardaoa Bizkaiko sagarrakaz eginikoa dala % 100. Hortaz, bertoko sagarrak gero eta gehiago erabilten dira sektorean.
Sagardaoaren % 100 bertoko sagarrakaz eginda egotea ezinbestekoa izango da laster Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenaren parte izateko. Bizkaitik harago doan apustua da hori: 50 sagardotegi dagoz Jatorri Izendapenean, eta 3 miloe litro produzidu ditue danen artean aurten. Bizkaiko sagardao produkzinoaren zati bat Euskal Sagardoa deiturara bideratu da.
Sagardao barriak oso ezaugarri markatuak ditu, adierazo dau Juan Zuriarrain enologoak Uxarteko ekitaldian. Fruta helduagoaren aromakaitik nabarmentzen da aurtengoa, edalontzietan kolore hori bizikoak dira, anbar tonalidadean. Kalidade handikoa dala ganeratu dau, eta, urteak aurrera egin ahala, hobera egingo dauela.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!