2020-2021 ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 27an edegiko da
2020-01-23 08:42 KultureaAurrematrikula prozesuari ekiteko prest dagoz Euskadiko 703 ikastetxe (453 publikoak, % 64).
Ume Hezkuntzarako (urte bitik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula epea zezeilaren 7ra arte egongo da zabalik (zezeilaren 6ra arte, online egin ezkero). Aurreko ikasturtean, familien % 97k lehen aukeratzat markautako ikastetxean eskuratu eben plazea.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua eta Maite Alonso sailburuordea izan dira aurkezpenean eta Zatoz geurera! lemapean, aurrematrikulea egiteko, ikastetxeetan bertan nahiz Internet bidez egiteko aukerea izango dabela familiek adierazo dabe, www.euskadi.eus/hezkuntza helbidean.
Bigarren bidea aukeratu ezkero ez da beharrezkoa izango eskatutako dokumentazinoa ikastetxera eroatea; pausu hori online egin beharko dabe eta dokumentuak eskaneauta bialdu. Aurrematrikulea online egiteko azken eguna zezeilaren 6a izango da, egun bat lehenago. Era berean, Hezkuntza Sailak gogorarazo dau Ikasgunea atariak (www.ikasgunea.euskadi.eus) informazino praktikoa eskainiko deutsela familiei, baita ikastetxeen bilatzaile bat be, horreetako ikastetxe bakotxean familiari hurrekotasunagaitik jagokozan puntuak erakusten dituana.
Aurrematrikula prozesuari ekiteko prest dagoz dagoeneko Euskadiko 703 ikastetxe (horreetatik 453 publikoak, % 64). Seme-alabak lehen aldiz matrikulauko dituen gurasoek, 541 ikastetxe izango ditue urte biko umeentzako (horreetatik 332 publikoak, % 61), eta 542 ikastetxe Ume Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (334 publikoak, % 61,5). Bestetik, Lehen Hezkuntzea 536 ikastetxetan eskainiko da hurrengo ikasturtean (331 publikoak), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzea eskainiko dabenak, barriz, 329 izango dira.
Familia ugariak
Aurkezpenean Uriartek azaldu dauenez, aurten onarpen prozesuak aldaketa gitxi ditu igazkoagaz konparauta, orduan izan baitziran aldaketarik esanguratsuenak. Halan da be, familia ugariei eragiten deutsen barrikuntza bat nabarmendu dau: 2020-2021 ikasturterako onarpen-prozesuan, familia ugariek ez dabe baldintza hori egiaztatzen dauen dokumentazinorik aurkeztu beharko. Hezkuntza Saila arduratuko da egiaztapen hori egiteaz. Azken batean, familiei tramiteak errazteko neurria da.
Uriarte sailburuak gogorarazo nahi izan ditu igaz sartu eta prozesu honetarako aldaketa nagusiak be:
12 ikastetxe eskaeran. Eskaeran familia bakotxak 12 ikastetxe hautatu leikez gehienez, lehentasunaren araberako hurrenkeran jasorik. Eskaera guztiak jaso ondoren, ikastetxe bakotxak izandako eskaera guztiakaz zerrenda osoa egingo da, edozein izanik be lehentasunen hurrenkerea, eta baremo nagusi bakarra egingo da: ikastetxeek lehen aukeran jasoten dituen eskariak ez ezik gainerako eskari guztiak be baremau beharko ditue; holan, familiek jakin ahal izango dabe puntu gitxiago dauen beste familia bat ez dala ezelan be norbera baino lehen sartuko aukeratutako ikastetxe baten. Sistemeak aukerarik onena dakar familientzako, hautatutako zentro bakotxean dituen puntuen arabera.
Familia askori izapideak egiteko lana arinduko deutson beste neurri bat, eta aurten be indarrean jarraitzen dauena, honako hau da: ez dala beharrezkoa sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako saltoa egiten daben ikasleek eskaerea egitea; hau holan da familiek ibilbideko ikastetxe atxikia aukeratzen daben kasuetan, hau da, euren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari atxikitako institutu publikoa hautatzen badabe eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi badabe. Beste edozein ikastetxetan jarraitu nahi badau, eskaerea egin beharko dau. Atxikitako institutu bat baino gehiago dituen Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen kasuan be, familiek eskaerea egin behar dabe.
Hezkuntza Sailak informazino eta orientazino puntuen aldeko apustua egiten jarraitzen dau, udalakaz lankidetzan. 13 informazio-puntu dira Gasteizen (gizarte etxeetan dagozan bulego guztiak, San Martin eta San Antonioko bulegoez gan), Oionen, Laudion, Agurainen, Bilbon (barrutiko 8 bulegoetan), beste bat Lekeition, eta bulego bana Barakaldon eta Arrasaten. Informazino-puntu horreek guztiak igaz Lurralde Ordezkaritzetan abian jarritako Eskolatze Bulegoakaz koordinauko dira. Puntu horreen helburua Euskal Hezkuntza Sistemeak eskaintzen dituan aukerei buruzko informazino osoa herritarrei hurreratzea da, baita familiei matrikulea tramitetako prozesuari buruzko orientazinoa emotea be.
Egutegia:
Urtarrilaren 27tik zezeilaren 7ra: eskabideak eta agiriak aurkeztea (Online egin ezkero, azken eguna zezeilaren 6a).
Zezeilak 25: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira.
Martiak 17: behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Martiaren 25era arte erreklamazinoak egiteko epea.
Martiak 31: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekursoak aurkezteko epea, apirilaren 30era arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!