2019an barriztau dituan obrak aurkeztu ditu Arte Eder Museoak
2020-01-23 08:05 KultureaLehenengoz, aldi baterako erakusketetako artelan batzuk be konpondu ditue.
Bilboko Arte Eder Museoaren ondare aberatseko obrak barriztau eta lehengoratzeko lanek emoitza bikaina emon dabe 2019an, Iberdrola enpreseagaz batera egindako ahaleginari esker. Igazko urteko ekintzak aurkezteko agerraldia egin dabe museoko arduradunek, Bingen Zupiria sailburu eta museoaren patronatuko burua eta Miguel Zugaza museoko zuzendaria bertan dirala.
Zaharbarritze programearen barruan, 2013tik urtero aukeratzen ditue bilduma iraunkorreko obra batzuk, tratamendua emoteko. 2019an, lehenengoz, aldi baterako erakusketetan dagozan artelan batzuk be sartu zituen programan. Era horretara, Ignacio Zuloaga 1870-1945 erakusketatik marrazki bat eta 22 orio-pintura barriztau ditue. Ezagunena, 2013ko Mathieu de Noailles kondesaren erretratua, Zuloagaren harribitxietako bat.
Isabel Baquedanoren erakusketa zabaletik, ostera, papel ganeko 34 marrazki eta beste 95 pintura berreskuratu ditue. Besteak beste, Arte Eder Museoak oraintsu erositako Izenburu barik (1972 ingurukoa). Joos van Cleveren Erdi Aroko triptikoaren azpiko irudiak be aztertu ditue museoko adituek, Santo Domingo de la Calzadako katedraletik aldi baterako ekarri dabela aprobetxauta.
Bildumako obra barrituen artean, Mamerto Segui bilbotarraren Zamakola eskribauei diktatzen (1881) nabarmendu dabe museoko arduradunek. 2018an erosi eban Arte Eder Museoak artelana, eta artista horren lehenengoa izan zan bilduma iraunkorrean.
Darío de Regoyosen bildumea be zabaldu dau museoak, igaz dohaintzan jasotako obra bati esker. Roberto Laplazak XIX. mendean egindako 24 marrazki barriztauta, 2014tik tratamenduan egon diran 112 artelaneko moltsoa amaituta dago.
Azkenik, beste autore honeen obrak be barriztau dira 2019an: Ricard Canals, Domenico Piola, Paul Gauguin, Pieter Fransz de Grebber eta Francisco Iturrino. Tratamenduek –materia piktorikoa eta euskarriak egonkortzea, azaleko geruzak tratetea, berrintegrazino kromatikoa eta muntaketea– nabarmen hobetu dabe obren konserbazino egoerea, Arte Eder Museoko konserbazino arloko Javier Novok eta María Jesús Ruiz-Orraitak azaldu dabenez.
Ganera, analisi teknikoek –azpiko marrazkien azterketea, erreflektografia infragorriaren, erradiografikoaren eta argi ultramorearen bitartez– oso informazino baliotsua emon dabe, esku hartzeko proposamenak zehazteko eta obren eta artisten ezagutzan sakontzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!