Pony Bravo, Stainded Blood eta Mocker’s taldeak be Lekuek Festibalean

Bizkaie! 2020-01-22 13:16   Musikea

Lekuek 2020, martiaren 7tik 14ra.



Gernikak arima sortzailea dau musikeari jagokonez eta horren adierazle esanguratsuena Lekuek da, martiaren 7tik 14ra kontzertu eta ekintza ugari eskainiko dituan festibala. Antolaketa taldeak dagoeneko iragarri ditu musika talde batzuk, besteak beste, Euskal Herriko Sua, Lisabö, Orreaga 778 eta Gaizka Insunza, Madrildik Wormed metaleroak eta Ash Grunwald australiarra bere rock gogorragaz.

Aitatutako horreez gan, Pony Bravo-koak etorriko dira andaluziatik Gernikaraino euren berba zorrotz, baju eta sintetizadore soinu indartsuez lagundutako 80ko new wave doinu edota ukutuakaz.

Bartzelonatik, Stainded Blood taldea etorriko da death metal eutsiezinezkoa eskainiz eta Mocker’s-en hard psikodeliko eta rockeroagaz gorputza astintzeko aukera ederra izango da lehertu arte jantzan eginez.

Lekuek Festibala aniztasunaren sinonimoa da, edade, estilo eta jente asko batzen gaituana, musikeak batzen gaitu. Holan ba, Los Hermanos Cuberok bluegrass eta Alkarria eskualdeko folklorea sustatuz sentiberatasunez beteriko kontzertua ekarriko dabe eta gogoratu Quique dibuja la tristeza diskoak munduko musikearen sari nagusia jaso dauela (MIN 2019 sariak). MoonShakers bilbotar emakumezko punk rock taldeagaz, Arima taldearen doinu berezi eta gitarra distorsionatuakaz eta Urgatz bermeotarren indar sutsuagaz gozetako aukera ederra.

Hori gitxi ez eta oraindino be talde ugari iragarteko dagoz.

Azken buruan, musikaz gozetan badozue, gogoz eta maitasunez egindako gauzen zale bazarie, gogoratu sarrerak salgai dagozala: Aste guztiko Bonoak 25 € balio dau, internet bidez www.gernikakolekuek.com webgunean erosi daiteke, edo Gernikako Astra, Aterpe, Ospa eta Zaplast tabernetan, aukeran bonoa + poltsea 30 €-ren truke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu