UZEI Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izango da
2020-01-22 12:16 Euskerea berbagaiAbian jarri nahi dira egitasmo eta aplikazino barriak eremu digitalean.
Euskaltzaindiaren eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren arteko hartu-emonak aspaldikoak dira, alde biek izenpetutako azken lankidetza-hitzarmena 2013ko martiaren 6koa da eta, besteak beste, lexikografiaren alorrean euskerearen corpusa ikertzen, zabaltzen, eguneratzen, elikatzen eta euskerarako barriagoak diran eremuetan (eremu digitalean) erabilteko lanabesak sortzen ibili dira lankidetzan: XX. mendeko Euskerearen Corpus Estadistikoa, Euskaltzaindiaren Hiztegia, Lexikoaren Behatokia eta Euskaltzaindiaren lanetarako ingurunean (Euskaltzaindiaren Hiztegia eta Orotariko Euskal Hiztegia zuzentzeko eta eguneratzeko inguruneak).
Euskaltzaindiak eta UZEIk lan-hitzarmen barrirako pausuak egin nahi ditue eta euskal gizarteagaz daben zerbitzu-bokazinoa eta orain arteko lankidetzea indartu eta beste eremu batzuetara eroaten ahaleginduko dira. Lankidetzea hiru arlotan indartzea da asmoa: Alde batetik, abian diran ikerketetan sakontzea eta beste arlo batzuetan sartu (lexikografiaren eta euskerearen estandarizazinoaren eremuan). Beste aldetik, ezagutzearen transferentzia (pilatu daben eta arian-arian lantzen dabizen egitasmoetatik eratorritakoak). Eta, azkenik, egitasmo eta aplikazino barriak martxan jarri, batez be, eremu digitalean. Bide horretan, Euskaltzaindiak alkarte atxikiak sortu edo izan leikez, horreen helburuak dirala, besteak beste, euskerearen jakintzan, erabileran, ikerketan, zabalkundean, sensibilizazinoan eta ezagutzearen transferentzian euskerearen eremuan dabizenakaz Euskaltzaindiagazko lankidetzea indartzea, egitura egonkorrak sortuz.
Horretarako, Euskaltzaindiaren erakunde atxikia izateko UZEIren eskabidea onetsiz, Akademiaren Zuzendaritzeak lehenengo eta zuzendaritzearen proposamenari erantzunez, Euskaltzaindiaren Osoko Bilkureak Unibersidaderako Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxea (UZEI) Euskaltzaindiaren alkarte atxikia izatea erabagi eban Lekeition, 2019ko abenduaren 20an. Horren ondorioz, UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroagaz egingo dan hurrengo lankidetza hitzarmenerako abiaburua izango da erakunde atxikiaren izentapena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!