Miriam Cubasen lantaldearentzat da 2020ko Barandiaran Bekea

Bizkaie! 2020-01-22 11:25   Pil-pilean

Oraintsuko Historiaurrea ikertuko dau lantalde irabazleak.

Miriam Cubas (argazkia: Eusko Ikaskuntza) | Ikusi handiago | Argazki originala

Jose Miguel de Barandiaran Fundazinoak emoten dauen bekearen 2020ko edizinoak badauka irabazlea, Miriam Cubas Morerak zuzendutako lantaldea hain zuzen. Honako ikerketa hau egingo dabe bekearen laguntzinoagaz: Oraintsuko Historiaurrea Iparraldeko Euskal Herrian: erabateko kronologia eta kultura-aldaketak (PreKronoa).

Miriam Cubas zuzendariagaz batera, lantaldearen parte dira Ángel Armendariz, Jesús Tapia, Izaro Quevedo eta Urko Santamaria. Barandiaran Bekako epaimahaiak nabarmendu dauenez, izakera zabaleko personak dagoz taldean, edadeari zein ibilbide profesionalari jagokenez. Proiektuaren zuzendari Cubas Historiaurreko ikerketan erreferente dala dinoe epaimahaikideek, eta horrek emoitza ona bermatzen dauela.

Historiaurrearen azken aldiak Euskal Herriko ipar partean (Bizkaian eta Gipuzkoan gehienbat) izan zituan ezaugarriak ez dira larregi aztertu, eta, beraz, Cubasen lantaldeak aukeratu dauen gaia balio handikoa dala uste dau epaimahaiak.

Bizkaiko eta Gipuzkoako kobazulo esanguratsuenak aztertuko ditu lantaldeak, datazinoen bidezko kronologia zehatzagoa egiteko asmoz. Horretarako, bertan topautako hilotzak aztertuko ditue, noz bizi izan ziran eta zer jaten eben jakiteko. Barandiaran Bekearen baldintzen arabera, 2020an egin beharko dabe azterlana.

Danetara, bederatzi proposamen aurkeztu dira Barandiaran Bekearen 2020ko deialdira. Antolatzaileen arabera, kalidade handiko proiektuak egon dira aurten, eta maila altuko hautagaien artean aukeratu behar izan dabe. Aurkezturiko proiektu batzuek gai originalak landu ditue, eta, ganera, parte-hartzaileen aniztasuna be aitagarria da, adierazo dau epaimahaiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu