Cristóbal Balenciaga, 125 urte

Bizkaie! 2020-01-21 13:47   Kulturea

Museoak Cristóbal Balenciagaren 125. urteurrena ospatu, eta 2020rako programazinoa aurkeztu dau.



Urtarrilaren 21ean, martitzenean, jostunaren jaiotzearen 125. urteurrena ospatuko dau Cristóbal Balenciaga Museoak. Museoak momentua erabiliko dau balorazinoa egiteko, bai eta 2020rako programazinoa aurkezteko be. Programazino hori, momentu zehatz hau dala-eta, couturierraren figuran dago oinarrituta, eta, holan, izenaren eta Goi Mailako Joskintzearen Etxearen atzean dagoan personea presenteago egongo da.

Cristóbal Balenciaga. Modea eta Ondarea. Testuinguruak erakusketea ikusteko azken eguna da gaur, hilak 21. Modea eta Ondarea serie bihurtzen da. Work in progress da, Museoko bilduma bera bezela, erakusketako diskursoa hazi egiten da, ikerketa barrien ekarpenak, material barriak eta eduki berriak txertatuta. Proposamen barria eta bizia da, aurrera doana ezagutza-geruza barriakaz eta teknologia barriek horreek aztertzeko emoten dituen aukerakaz.

Erakusketeak sei areto bete ditu, Museoaren 1.000 m2 inguru, eta 80 jantzi-pieza ditu ikusgai, gehienak lehenago erakutsi bakoak. Askotariko jatorria dabe: museoko bilduman sartutako pieza barriak, gordailuak eta maileguak, eta bilduma pribatuak. Teknologiak bere lekua dau erakusketa honetan; hain zuzen be, digitalizazinoaren bidez interaktibidadea errazten da, aukerea emoteko piezen zehetasunak (megapixelak) ikusteko, 360º-ko ikuspegia izateko, hareen sortze-teknikoari buruzko infografiak behatzeko.

Erakusketa-diskursoa eta pieza-aukeraketea Museoko Bilduma zuzendari Igor Uriak egin ditu; espazioaren kontzeptualizazinoa eta diseinua, barriz, Museoko taldearen eta Judith Clark fashion curator ospetsuaren arteko alkarlanaren emoitzea dira, betibe, serie honen hasiereagaz abiarazotako lanaren jarraipen legez.


Call for papers Cristobal Balenciagari buruzko Nazinoarteko I. Biltzarra

Berbaldi garrantzitsu biren eta Ikerkuntzarako Nazinoarteko Biltzar baten bitartez, alderdi personalago hori ikusleei hurreratu eta horren barri emongo jake. Call for papers Cristobal Balenciagari buruzko Nazinoarteko I. Biltzarra Getariako museoan bertan egingo da, 2020ko urriaren 1ean eta 2an. Biltzar akademikoa izango da, nazinoarteko proiekzinoa izango dauena, eta jostunaren figureari eta legatuari buruzko lanak eta ikerketa proposamen barritzaile eta kalidadekoak aurkeztuko dira: personala, enpresariala, sormenezkoa, teknikoa eta abar, baita Balenciagaren testuinguru biografiko, kultural eta lanekoak aztertuko dituen ikerlanak be.

Haren figurearen garrantzia kontuan hartuta, ondoetorriak izango dira, modearen historiaren arlotik etorritako proposamenak ez eze, beste ikerketa arlo batzuetatik etorritakoak be, berbarako ekonomikoa, legezkoa, soziologikoa eta arteen mundukoa, esangura zabalean. Nahitaez bete beharreko baldintzea da proposamenak Balenciagari buruzkoak izatea.


Pariseko Goi Mailako Joskintzearen Astea

Oraintsu Vêtements markea bertan behera itxi dauen Demna Gvasalia sortzaileak Balenciagaren 2020ko Bildumea aurkeztuko dau Parisen.

Baina horrek ez dau esan gura Cristóbal Balenciagaren obrearen ondare-balioa nabarmenduko ez danik eta horren inguruko gogoetea egingo ez danik, izan be, museoak azken urteotan egindako lanaren ardatza da obra hori.

Esangura horretan, Museoak Moda eta Ondarea seriearen hirugarren erakusketea egingo dau martian eta, era berean, Balenciagaren obreari buruzko erakusketa barria egingo du, garagarrilean. Olivier Saillard moda-komisario ospetsua izango da komisarioa.

Programazinoa osotzeko, modeari lotutako profesionalak trebatzeko proposamenak nabarmen handituko dira. Asmoa da Maisuaren balioak eta teknikak transmitidutea profesional horreei, moda konprometidu eta jasangarri batek eskatzen dauen gaur egungo testuingurura egokitutakoak.

Aurkezpen ekitaldian izan dira: Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburua eta Cristóbal Balenciaga Fundazinoaren presidentea; Denis Itxaso, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputadua; Miren Vives, Cristóbal Balenciaga Museoaren zuzendaria; eta Igor Uria, Cristóbal Balenciaga Museoko Bildumen zuzendaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu