UEMAko gazteen topaketea Zumaiatik Lekeitiora egingo dabe
2020-01-21 11:14 Euskerea berbagaiUdan izango da, baina laster edegiko dabe izena emoteko epea.
Udalerri euskaldunetan bizi diran gazteak hizkuntzearen inguruan sensibilizau eta eragile aktibo bihurtzeko helburuagaz, urtero antolatzen ditu UEMAk gazteen topaketak, udan. Aurtengoa ibiltaria izango da, Zumaian hasi eta tipi-tapa Lekeitiora joango dira parte-hartzaileak, bagilaren 29tik garagarrilaren 5era. Izena emoteko epea zezeilaren 19tik egongo da zabalik.
Euskerearen arnasguneen hezkuntza proiektuan oinarrituta, UEMAko kide diran udalerrietako ikastetxeetan hainbat jarduera jarri ditue martxan Mankomunidadeko teknikariek. Baina, egitasmoa hezkuntza araututik harago eroateko asmoz, udalekuak eta gazteen topaketak be antolatzen hasi ziran orain dala urte batzuk.
Arnasguneetako gazteentzat euskeraz berba egitea eguneroko gauza naturala dan arren, UEMAk hizkuntzearen aldeko kontzientzia zabaltzea beharrezkoa dala uste dau. Euskerearen normalizazinoan gazteek daben garrantzia azpimarratu nahi dau mankomunidadeak. Topaketa ibiltariak helburu hori lortzeko tresnea dira, eta, bide batez, gazte euskaldunek alkar ezagutuko dabe.
UEMAk zehaztu dauenez, 14 eta 18 urte bitarteko gazteek hartu leikie parte ibilaldian. Gehienez, 50 lagun joan ahal izango dira, eta gehiagok emoten badabe izena, hainbat erespide erabiliko ditue parte-hartzaileak aukeratzeko: Izena noz emon daben, neska eta mutilen arteko orekea, lurraldetasuna...
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!