AED-ko emakume zuzendari eta profesionalak omendu ditue

Bizkaie! 2020-01-21 09:38   Kulturea

Bizkaiko Batzar Nagusiek balioan jarri dabe, gizonezkoen munduan, zuzendaritzako postuetan nabarmentzen diran emakumeen beharra.

AED-ko (Bizkaiko Emakume Enpresari eta Zuzendarien alkartea) hogei emakume profesional inguruk harrerea jaso dabe Gernikako Batzarretxean. Begoña Murgialday eta María Caballero, AEDeko presidenteordea eta idazkaria, hain zuzen be, buru zirala, AEDeko kideak izan dira Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakaria anfitrioi moduan izan dan omenaldiaren protagonistak.

Orain denpora gitxi emakume baserritarrakaz edo Euskadiko kitanu kolektiboagaz egin dan moduan, Bizkaiko Batzar Nagusiek balioan jarri dabe, gehienetan gizonezkoen esku dagoan munduan, enpresakoan, zuzendaritzako postuetan batez be nabarmentzen diran emakume horreen beharra.

Ana Otaduik, azkenengo 25 urteetan Bizkaiko Emakume Enpresari eta Zuzendarien Alkarteak egindako lana autortu eta emakumeak ahaldundu ditu, gizonek nagusitasun handia daben enpresen zuzendaritzearen arloan eta enpresa munduan. Otaduik AEDren beharra azpimarratu dau, bardintasunezko lidergoan oinarritutako enpresa eredurako eragile aktiboa dala esanez.

Bizkaiko Emakume Enpresari eta Zuzendarien Alkartearen izenean, Begoña Murgialday presidenteordeak harrerea eskertu dau, gizarte bardintsuagoa, zuzenagoa, eta ikuspuntu guztietatik iraunkorragoa lortzeko beharrean gabizen erakundeetarako, AEDrentzako, adibidez, aintzatespena eta konpromisoa erakusten dauen gune honetan.

1995ean sortu zan AED alkarteak, Bizkaiko Lurralde Historikoko enpresa txikietan, ertainetan eta handietan behar egiten daben emakume enpresari, zuzendari eta profesionalen interesak ordezkaten ditu. Helburu nagusia, emakumezkoek enpresa arloan beteten daben lekua handitu eta ekonomiaren eta enpresaren egituran oso-osorik sartzeko dagozan oztopoak botako dituan azpiegiturak sortzen laguntzea da.

AEDek datozan lau urteetan aurrera eroango dituan arlo estrategikoak, Lidera programearen bitartez emakumezkoek enpresetako administrazino kontsejuetan eta zuzendaritza organuetan daben presentzia bultzatzea, eta Impulsa programearen bitartez gazteei ezagutzea eta esperientzia transmitidutea dira, enpresak eta gizartea eraldatzeko.

Txistulari batek musikagaz lagundu dau taldea Batzarretxearen kanpoaldetik egin dauen ibilbidean. Arbola Zaharrean eta Gernikako Arbolan geratu dira eta, bertan, jantzari bikote batek Aurreskua egin dau jantzan emakumeei gorazarre eginez. Horren ostean Osokoen Aretora eta Beirategiaren Aretora joan dira, eta bertan egin ditue adierazpenak. Lurraldeko jarduera ekonomikoak gogoratuazoten dituan eta emakumeak baztertuta dagozan beirategi handiaren azpian, hain zuzen be.

Ohikoa danez, harrera ekitaldiari amaierea emoteko, Gernikako Batzarretzeko Ohorezko Liburuan sinatu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu