Fadurako Garagardotegi zaharreko eraikinak bere alderik sozialena berreskuratuko dau
2020-01-20 13:31 KultureaDatozen hileotan entregauko da ekipamendu horren lanak hasteari bide emongo deutson proiektua.
Fadurako Garagardaotegi zaharrean tokiko enpresa eta proiektu barriei be lekua emongo jake, ariketa fisikoaren inguruko produktuak edo zerbitzuak lantzeko. 2017an, eraikina barriro diseinetako asmoagaz parte hartzeko prozesua zehaztu eben Thinking Fadura programearen barruan eta, azkenean, ekipamendua birgaitzeko aurreproiektua egin eben. Orain, prozesuan parte hartu daben hainbat eragilek proponidutako ideakaz egindako aurreproiektua aintzat hartuta, oinarrizko proiektuaren diseinua egin da; horri jarraituko deutso egikaritze-proiektuak eta, azkenik, higiezina birgaituko dauen obra-proiektua gauzatuko da, ondoren espazioaren birgaitzeari ekiteko.
Proiektuan aurreikusita dago, batetik Garagardaotegiaren alderik sozialena berreskuratzeko eraikin bat altzetea, kirol taldeen bilerak eta ospakizunak, jarduerak, erakusketak edo kirolagaz lotuta erakusketa edo proiekzinoak egiteko leku bat. Eta, bestetik, kirolari loturiko enpresa barriei babesa emongo deutse espazio horrek. Espazio horretan egin daitekezan jarduerak, beraz, askotarikoak izango dira baina eraikinak batasun-irudia izango dau bere osotasunean, eta kirol-erakundeentzako gizarte-zentro legezko jarduerea emoten jarraituko dala bermatuko dau.
Hiru giro
Higiezinak hiru giro izango ditu eta horreetako bakotxaren egokitze mailearen arabera zehaztuta. Lehenengoa, gune zarratua eta girotua izango da; bigarrena espazio estalia, baina alboetan estali bakoa; eta hirugarrena, espazio estalia eta mugetan era partzialean zarratua. Hiru guneei batasuna emongo deutsen elementu aglutinatzailea egiturea izango da, itsasontzi baten zuakerraren antzera, modu seriatuan eta erritmikoan jarraitzen dana. Egitura osoari jagokonez, zonaka zarratuko da, funtzionaltasuna nabarmentzeko eta hainbat eta aldi bereko jarduerak egin ahal izateko.
Espazio zarratu eta girotuak pisu bi izango ditu: Behekoan erabilera anitzeko gune nagusia egongo da, bertan ospakizunak, proiekzinoak, bilerak edo erakusketak egiteko. Horren alboan, bilerak egiteko hiru gela dagoz, barruko horma mobikorrez bananduak; beraz, azalerea neurri ezbardinetan egokitu ahal izango da. Gelak, aldi berean, hiru biltegi txikigaz konektauko dira. Goiko pisua espazio gardena izango da, beheko pisuko erabilera anitzeko espaziotik banandua, eta kirol-munduagaz lotutako negozioen ekintzaileentzako haztegi moduan erabili ahal izango da. Pisu biek nahitaezko komunak eta komunikazino-gunea izango ditue.
Erdiko espazioa, gitxien girotua dagoana, higiezin osora sartzeko gunea izango da eta alboko lekuren batean edo bestean egingo diran jardueretarako be erabili ahal izango da eguraldi ona egiten dauenean.
Azkenik, hirugarren espazioa, estalia eta alboan zeozertxu babestuta dagoana, kirol taldeek kideak kohesionetako antolatutako ospakizunak eta otorduak egiteko erabiliko da. Gune horretan, zarratutako leku bat be egongo da, komunak, biltegi txiki bat eta janariaren azken tratamendua edo tresnak garbitzeko espazioa izateko.
Materialak
Espazioari jagokonez, ekipamenduak iragazkortasun eta irisgarritasun handia izango dau giro desbardinen eta kanpoaldearen artean eta eraikin atsegin, edegi eta irisgarri baten irudia izango dau. Beheko pisuan erabili beharreko materialak harrizkoak izango dira, eguneroko erabilerearen eta zorupearen hezetasunaren aurrean iraunkortasun handiagoa ziurtatzeko. Material mueta gogorrago horrek, estalkiaren zurezko elementuen gozotasunari balio erantsia emongo deutso eta horreek igaroten dan argia indartuko dabe, baso bateko hostoak eta adarrak igarotzerakoan jazoten dan moduan.
Oinarrizko proiektua, diseinuan parte hartu daben persona, alkarte eta klubakaz zehaztu da, parte-hartze prozesu horren ondoriozko aurreproiektuan egindako ekarpen gehienak jaso dirala ziurtatzearren. Datozen hileotan entregauko da ekipamendu horren lanak hasteari bide emongo deutson proiektua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!