Alaitz Telletxea: 'Zenbat eta kontzertu gehiago jo, gehiago disfrutauko dogu'
2020-01-20 08:00 BarriketanAmak taldeko abeslari eta musikaria.
Lau dira Amak taldeko kideak, laurak amak, izenak dinoan legez. Amaia Oreja, Maixa Lizarribar, Kristina Solano eta Alaitz Telletxea puntaren puntan ibili ziran orain dala urte batzuk, M-N Ezten, Alaitz eta Maider, eta Maixa eta Ixiar proiektuetan, eta denporaldi bat fokuetatik aparte pasau eta gero, barriro datoz euskal musikearen zaleei disfrutau eragiteko asmoz. Ezagun egin zituan erromeria giroa alboratuta, ordubete eskaseko ikuskizuna atondu dabe, kantu ezagunen bersinoetan oinarrituta.
Alaitz Telletxea dogu Amak laukoteko kideetako bat. Beste hirurek legez, kantau zein panderoa eta trikitixea joten dau ikuskizun barrian. Alaitz eta Maider bikoteagaz joteari itxi eutsanetik, 2005etik, oholtzan gitxi agertu da, baina musikeagaz lotuta segidu dau, musika irakaslea dalako. Amak proiektuaren nondik norakoak azaldu deuskuz.
1.- Amak zarie, eta musikariak. Zer gehiagok batzen zaitue?
Gure izenen hasierako letrak dira (Amaia, Maixa, Alaitz eta Kristina), hortik etorri zan taldearen izena hasieran, eta ganera, konturatu ginan laurok garela amak. Hortaz, izen aproposa zan. Eta zelan alkartu ginan? Ba nik esango neuke alkartu egin gintuela, ze Oñatiko trikitixa jaialdirako deitu euskuen, alkarregaz joteko, 2018ko urrian, eta handik gitxira Errezildik be bai. Gero Hondarribian jo genduan, ia konturatu barik hasi jakuzan saioak urteten, eta orduan erabagi genduan taldea sortzea, ez da izan bilatutako zeozer. Hasieratik sentidu genduan alkarregaz gustora joten genduala.
2.- Lau ama, laurak musikan luzaro ibilitakoak. Amatasunak zelan eragin dau zuen ibilbidean?
Nire kasuan ez dau eragin handirik izan. Ama izan nintzan musikatik nahiko aparte nengoan momentu baten, holan kointzididu eban. 2005ean itxi neutsan Maiderregaz joteari, gero Patxi eta Konpainian ibili nintzan tarte batez, baina hori amaitu egin zan.
3.- Zerk bultzatu zaitu musikearen lehen lerrora bueltetera?
Egia esan, nik honetarako asmorik ez neukan, aukera hau agertu da eta pozik nago. Gaur egun, Lazkaoko Ikastolan nabil, musika irakasle, eta musikeagaz hartu-emon hori eukita gustora nengoan, beteta sentiduten nintzan. Baina Amak etorri jat eta, nik uste dot, lau kideok hartu dogu gustora.
4.- Zure kide izan zan Maider Zabalegi urte askoan, Alaitz eta Maider bikote ezagunean. Bera be oraintsu bueltau da musikearen lehen lerrora, bakarka. Horrek inspirau egin zaitu musikeari barriro heltzeko?
Ez. Kanpotik emon leike baietz, baina ez dau eraginik izan. Jenteak galdetzen eustan, Maider hasi eta gero ia neu be hasiko ete nintzan, eta nire erantzuna beti izaten zan ezezkoa, ez eustala inbidiarik emoten. Beste fase baten ikusten neban neure burua, eta nagia be emoten eustan kontzertuz kontzertu hasi behar horrek. Horregaitik, neuk hartu dot sorpresarik handiena barriro oholtzara bueltau nazenean. Ez neban uste horren gustora hartuko nebanik.
5.- Maider Zabalegi bakarka dabil orain. Zuk nahiago dozu laukotearen babesa?
Lau izateak babesa emoten dau, bai. Guk ez daukagu bandarik, ez gitarrarik, ez baxurik ez halakorik, orduan oinarri horren babesa faltau jaku. Gordina da gure ikuskizuna: Lau pandero, lau triki eta lau ahots. Batzuetan, ahots hutsez be kantetan dogu. Alkarren babesa dogu, baina bandarik ez, orduan mutur biak bizi doguz.
6.- Soinua eta panderoa jo, kantau... horrek lanketa handia eskatzen dau.
Entsegu asko egiten doguz, laurak batera ibilten gara. Etxean, bakarka, be bai. Ahots hutsezko kantu bakarra daukagu oraingoz, M-N Eztenen Beldurrak ahaztuta kantuaren bersino bat, lau ahotsetara. Moldaketea Joseba Tapiak egin deusku. Asko landu behar dira kantuak, eta oraindino asko daukagu fintzeko.
7.- Zein da Amak-en errepertorioa?
Pixkanaka joan gara. Oñatiko kontzerturako lau kantu behar genduzan. Handik aurrera, kantuak probetan joan gara, eta kantu bakotxak eskatzen dauenaren arabera, instrumentazino bat edo beste emon deutsagu: panderoa eta ahotsa, trikia eta ahotsa... Gure errepertorioan gure kantuen bersinoak eta zatiak dagoz, baina nahastauta, gure ikutua emonda. Gero, badaukaguz euskal kantuen bersinoak be, geure erara aldatuta. Esperimentazinoan gabiz.
8.- Alaitz eta Maiderren sasoitik gogoratzen zaituen zaleak sorpresarik hartuko dau?
Bai, hau diferentea da. Alaitz eta Maider, Maixa eta Ixiar eta M-N Ezten beste gauza bat ziran. Hasteko, Amak ez da erromeria, 55 minutuko ikuskizuna da, jesarrita ikusi eta entzutekoa. Lehen, erromeria, jantzea eta jaia zan Alaitz eta Maiderren oinarria, orain gauza lasaiago bat egin nahi dogu. Gauza txiki eta apala egin nahi dogu, gustora entzutekoa.
9.- Zuen kanturik ez dozue sortu?
Badaukagu bals bat, Kristina Solanok egina, eta hori erabili izan dogu. Baina geure-geurerik ez dogu sortu oraindino. Denporeak esango dau aurrerantzean geure kanturik sortuko dogun ala bersinoakaz segiduko dogun. Azken batean, guretzat dana bapateko kontu bat izan danez, egokitzen goaz, gauzak etorri ahala.
10.- Orain arte jo dozuezan kontzertuetan zer moduz?
Oso gustora ibili gara. Orexan egin genduan lehenengo aldiz ikuskizuna, ondoren Arrasaten, eta holan gabiz. Sensazino onakaz amaitu dogu beti, jentearen erantzuna oso ona izan da. Ganera, guk laurok oso ondo pasetan dogu, bai agertokian eta baita handik kanpo be. Esperantzea dogu, zenbat eta kontzertu gehiago jo, orduan eta gehiago disfrutauko dogula, ziurtasuna hartzen goazen neurrian.
11.- Denporeak esango dau Amak noraino helduko dan?
Gure helburua ondo pasetea eta disfrutetea da. Momentuan momentuan sortzen jakuna egiten gabiz, 40 urte baino gehiago daukaguz laurok eta disfruteteagaz nahikoa dogu. Martian badaukaguz lau emonaldi lotuta, baten bat gehiago zalantzan, eta gehiago hitzartzeko bidean goaz. Orduan, horreek emonaldiak ahalik eta ondoen preparetan gabiz. Diskoa grabetako proposamenen bat be jaso dogu, ez dogu baztertzen; baina orain ez da momentua, zuzenekoetan gagozalako zentrauta, baina, gerora begira, ikusiko dogu.
Argazkiak: Amak eta Baga Biga
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!