Royal Academy of Arts-ek Cristina Iglesias saritu dau

Bizkaie! 2020-01-17 10:29   Kulturea

Artea uriko espazioan sartzeko egindako ahaleginagaitik jasoko dau saria sortzaile donostiarrak.

Cristina Iglesias artelan bat lantzen (argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Artearen munduko erakunde ospetsuenetako bat da Londresko Royal Academy of Arts, eta Cristina Iglesias donostiarraren ibilbideari eta proposamen artistikoei erreparatu deutse oraingoan. Akademiaren Arkitektura Saria jasoko dau Iglesiasek, espazio publikoetan eta eraikinen arteko espazioetan egin dituan interbentzinoakaitik.

Epaimahaian hainbat herrialdetako adituak egon dira, danak arkitekturan ibilbide bikainak egindakoak. Tartean egon da, esate baterako, Norman Foster, Bilboko Arte Eder Museoa handitzeaz arduratuko dan arkitektoa, eta munduko eraikin ikoniko ugariren diseinatzailea.

Urietako espazio edegien kalidadea indartzeko arte publikoak daukan tradizinoa nabarmendu dau epaimahaiak. Hain zuzen be, Iglesiasen obra askotan ikusten da espazio publikoan eragiteko gaitasuna, uriaren elementu bat bihurtu eta uritarren ongizatea hobetzeko ahalegina. Begiratzera konbidetan gaitu, eraikinetara ez eze, tartean dagozan espazioetara, dino Akademiak

Arkitekturearen kultureari ekarpen inspiratzailea egin deutsalako emongo deutso saria Royal Academy of Arts-ek Iglesiasi, espazio edegiak artearen bidez hobetu dituen sortzaileen belaunaldirik belaunaldiko tradizinoaren ordezkari legez. Urietan espazio publikoak eukitea ezinbestekoa dala gogoratu eragiten deutse Iglesiasek arkitektoei, Akademiaren arabera.

Donostian jaio zan Cristina Iglesias, 1956an, eta Londresen eta Bartzelonan egin zituan arteagaz lotutako ikasketak. 1993an Veneziako Biurtekoan parte hartu ebanetik dabil nazinoarteko zirkuituetan. Eskulturea da bere sorkuntzearen ardatza, baina arkitektureagaz, espazioagaz, geologiagaz eta abar dauen interesa be agirikoa da. Material ugari erabilten ditu. Gaur egun, Donostiako Santa Klara ugartean instalazino bat atontzen dabil.

Londrestik jatorkon hau ez da Iglesiasek jaso dauen lehenengo errekonozimendu garrantzitsua. Espainiako Sari Nazionala irabazi dau, Arte Plastikoetan (1999) eta Arte Grafikoetan (2019), baita Arte Ederretako Merituaren Urrezko Dominea be. 2016an Urrezko Danborra emon eutsien Donostian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu