Gastronomiaren 100 talentu gazte Basque Culinary Center-en batuko dira

Bizkaie! 2020-01-17 08:12   Jan edanak

Jokera barriak, teknologiaren rola eta etenbarik dabilen sektore bati zelan aurre egin aztertuko dabe.

Zezeilaren 3an eta 4an, gastronomiaren 100 talentu gazte (30 urtetik berakoak) Basque Culinary Center-eko Gazte Talentu Foroan batu eta euren esperientziak jorratuko ditue. Gainera, jokera barriak, teknologiaren rola eta etenbarik berrasmetan dagoan sektore bati zelan aurre egin aztertuko dabe.

Foroa zezeilaren 3an hasiko da, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozen eta Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusi Joxe Mari Aizegaren ondoetorriagaz. Hasierako berbaldiaren ondoren, negozio-formatu barriei buruzko dinamika bat egingo da; bertan, Iñaki Murúak (Ikaro), Javi Riverok (AMA), Joana Pedretek (El Celler de Can Roca) eta Gonzalo Rodríguezek (Grupo Dani García) negozio-ereduak merkatu gastronomikoaren testuinguru barrira zelan egokitu diran aztertuko dabe.

Zezeilaren 4an, merkatua eta konsumitzaile barriaren nahiak aztertu eta bertan parte hartuko dabe Grupo Dani García, Azurmendi eta Too Good to Go-ko talentu gazteek. Goizeko bigarren blokearen ardatzak, barriz, sektore gastronomikoko ekintzailetzea, ekiteko bideak eta barrikuntzea ardatz. Bertan zenbait sukaldari, ekintzaile eta produktorek hartuko dabe parte, Borja Susillak (Tula), Gonzalo Baquedanok (Ajonegro) eta Sergi Platják (Becrit).

Eguerdiko 12:00etan, barriketaldia egingo da bertaratutako guztien artean eta, alkarlanean, Adierazpen Gastronomikoa osotuko dabe, sektorearen etorkizuneko erronkei buruzkoa.

Gastronomian, gazte oso kualifikatuen belaunaldi barria indarrez dator eta sektoreak erantzun handia izango dau balio eta lehentasun barriak ekarriko dituen profesional horreek erakarri, integrau eta aprobetxetea lortzen badau. Hori dala eta, Basque Culinary Center-ek etorkizuneko sukaldeburu izango diran figura barriak autortu nahi izan ditu, baita hareei ahotsa emon be.

100 ahots, ikuspegi eta ibilbide izango dira Culinary Action!-ek antolatutako ekintzailetzearen aldeko topaketa honen protagonista, eta gastronomiaren sektorea iraultzen dabizen 30 urtetik beherako gazteak izango dira arreta-gunea. Azpimarratzekoa da 100 parte-hartzaileetatik, 12 bertokoak dirala; beraz, lurralde honek egiten dauen lana eta indarra be aintzatetsi nahi da.

Aitzindaria dan erakunde akademiko honentzako oso garrantzitsua da gazteei ahotsa emotea, izan be, gastronomiaren ibilbide eta jokera barriak zehazten dagozanak dira eta euren kezka, interes eta etorkizuneko proiektuak entzun nahi ditugu adierazo dau Joxe Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendariak.

Gastronomiaren sektore guztietako ordezkariak (produktoreak, sukaldariak, ekintzaileak, kudeatzaileak eta bestelakoak) batuko dira. Berbaldiak, alkarrizketak, tailerrak eta mahai-inguruak egingo ditue, eretxi trukaketea sortzeko eta negozio-ereduei, kudeaketa-estiloei eta merkaduko jokerei buruzko ezagutzak trukatzeko.

Topaketan parte hartu nahi dabenek emon izena hemen.

Hazi Fundazinoak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak, emongo dabe erakunde-babesa, Martiko eta Mahou San Miguel babesle izango dira, eta Fagor Industrial, Arcos eta Aravén, barriz, kolaboratzaile.

Zezeilaren 3ko eta 4ko egitaraua ikusi hemen.

Culinary Action!      

Culinary Action! ekimena Donostiako Basque Culinary Center Zientzia Gastronomikoen Fakultadeak sustatzen dau 2014tik, eta gastronomiaren eta nekazaritzako elikagaien sektoreetan sortu daitekezan sinergiak topetea dau helburu. Ekimenaren barruan, Ekintzaileen Foroa dago. Urtean behingo ekitaldi horrek banakoen eta enpresen ekimenak ikusarazo nahi ditu, eta esperientziak konpartiduteko eta ideak trukatzeko espazioa eskaintzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu