Euskaltzaleak antolatzeko ereduak aztertuko ditue 2020ko Topaldian

Bizkaie! 2020-01-16 08:48   Euskerea berbagai

Zezeilaren 6an egingo dabe jardunaldia, Bilboko Bizkaia Aretoan.

Helburu bikotxa izango dau Topaldiak aurten, Euskaltzaleen Topaguneak aurreratu dauenez: Batetik, euskaltzaleen lekuan lekuko antolakuntza ereduak ezagutzeko aukerea emongo dau; bestetik, etorkizunerako baliozkoak izan leitekezan ereduen inguruko gogoetea egingo dabe parte-hartzaileek alkarregaz.

2020an, Bilbon egingo dabe Topaldia, EHUk Abandoibarran dauen Bizkaia Aretoan. Hantxe batuko dira, zezeilaren 6an, euskera taldeetako, erakundeetako eta bestelako eragileetako ordezkariak, Zelan antolatuko da etorkizuneko euskaltzaleen mobimendua? izenburupean. Izena emoteko epea urtarrilaren 31ra arte dago zabalik.

Euskera alkarteetan 1990eko hamarkadan izan zituan antolakuntzetatik abiatuta, mobimenduak izan dituan aldaketak eta momentu bakotxeko gizartera egokitzeko hartu dituan erabagiak jorratuko ditue. Eredu barriei arreta berezia jarriko deutsie.

Euskal Herriko zazpi lekutako esperientzien barri izango dabe parte-hartzaileek: Atarrabiako Karrikaluze, Tolosaldea, Eibar, Arabako lautadea, Derio, Donostia eta, azkenik, Aiaraldeko Kooperatiba Integrala.

Horrezaz gan, adituen analisiak be entzun ahal izango dira Topaldian. Barrikuntza sozialaren kontzeptuek euskalgintzan daben eragina aztertuko dau Igor Calzadak lehenik; ondoren, euskera alkarteen esperientziak entzun eta gero, euren ikuspuntua emongo dabe Joxemi Zumalabe Fundazinoko Andere Ormazabalek eta Zesar Martinezek, eta Mondragon Korporazinoko Iñigo Iñurrategik.

Euskaltzaleen Topaguneak hainbat erakunderen babesari esker antolatu dau 2020ko Topaldia: Eusko Jaurlaritzea, Bizkaiko Foru Aldundia eta Gipuzkoakoa. Horrezaz gan, Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk be lagundu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu