'Ponpoxo', 'kurdu' eta 'gorririk' Euskaltzaindiaren Hiztegira heldu dira
2020-01-16 08:09 Euskerea berbagaiAzken sei hileotako eguneratzeetan, 758 forma barri jaso dira.
Eten barik eguneratzen doa Euskaltzaindiaren Hiztegiaren bersino digitala, teknologia barriek horretarako modua emoten dabelako. Normalean, urtean bitan sareratzen ditue Akademian onartutako aldaketa, zehaztapen eta gehikuntzak. 2019ko bigarren seihilekoan, esaterako, 758 forma barri jaso ditu Euskaltzaindiak (69 sarrera eta 689 azpisarrera), eta 472 sarrera osotu edo findu. Hori guztia sarean dago orain.
Oraingo honetan, sarrera nagusi barri gitxi batu ahal izan ditue, gehienbat Euskaltzaindiaren batzorde berezituetan onartutakoak: krimeera eta ladinera hizkuntzen izernak, kurdu eta palestinar etnienak... Berba adierazkor batzuk be gehitu ditue zerrendara, esate baterako, ponpoxo eta gorririk.
Azpisarrerak, ostera, makinatxu bat gehitu ditue azken seihilekoan. Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradun Miriam Urkiak zera azaldu dau: Azken urteotan Orotariko Euskal Hiztegiko azpisarrerak berraztertu dira, horreetako hainbat hiztegian jaso barik egozalako. Batzuk adibide lez jasota egozan hiztegian eta, beraz, ez ziran nabarmentzen; orain, azpisarrera lez jasota, ikusteko moduan dagoz. Urkiak ganeratu dauenez, azpisarrera batzuek azalpena behar dabe ondo ulertu ahal izateko, eta horregaitik bistara ekarri dira.
Adibide bi ipini ditu Miriam Urkiak, zintzur-bustitze eta alegia deus ez. Bazkalaurretik edo afalaurretik edari bat (gehienetan alkoholduna) hartzea da lehenengoa, eta ezer pasauko ez balitz lez adierazoteko da bigarrena. Ez dira gardenak, eta horregaitik behar dabe aparteko lekua hiztegian, ulergarriak izateko baina modu eskuragarrian.
2019 urte osoa kontuan hartzen badogu, Euskaltzaindiaren Hiztegian 381 sarrera eta 774 azpisarrera barri sartu ditue (1.155 guztira), eta beste 937 moldatu edo findu. Eten bako lan horri esker, dagoeneko 39.247 sarrera eta 8.086 azpisarrera dakarz, internet bidez erabiltzaile guztiek ikusteko moduan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!