Maiatzaren 10ean, Senperera Gaki ge!
2020-01-16 08:06 Euskerea berbagaiEuskerea, alkarlana eta alkartasuna izan dira eta izango dira Herri Urrats-en oinarriak.
1984tik maiatzeko bigarren domekan, Senpereko lakuaren bazterretan upealako giroa izaten da; Euskal Herri osotik milaka persona hurreratzen dira Iparraldeko ikastolen jaira. Baina Herri Urrats jaia baino gehiago da, euskerea eta euskal kulturearen eguna da, ikastolen jardunbiderako beharrezko eguna, euskeraz bizitea erabagi dogunon eguna.
37. edizinoaren antolaketan buru-belarri hasia da taldea eta prentsaurrekoan eskertu nahi ditugu era batera edo bestera, maila ekonimkoan zein antolaketa lanetan orduak pasau dituen guztiak.
Egunean berean 2500 laguntzaile inguru izaten dira eta urtean zehar 50 bat lagunek lan egiten dabe antolaketan.
Negoziazino prozesua
Negoziazino prozesuan lehen bilkura bat egin eben pasa dan abenduaren 9an. François Xavier Pestel Akademia Ikuskari barria ezagutzeko eta bide batez Errektorea eta Akademia Ikuskaria aldatuz be hainbat zerbitzu buru barri ezagutzeko aukerea izan zan. Giro ona, aurreko ikuskariagaz izandakoa baino giro lasaiagoa. Gure beharren barri emon geuntsen, gero eta ikasle gehiago ama ikastolan, lehen mailan, kolegioetan eta lizeoko sail ezbardinetan. Hazkundearen harian, danak bat etorri ginan postu gehiago beharko dalako, baina ez genduan ezelako zehaztasunik lortu alde horretatik, Ikuskariak eta Errrektore ordeak ez eban ezelako informazinorik.
Herri Urrats 2020: GAKI GE!
GAKI GE = bagoaz, Senpere inguruko euskalkian. Lema horregaz, herritarrak mobidu daitezan gura dogu. Gaki ge Herri Urratserat ikastolek eta euskereak Ipar Euskal Herrian behar daben babesa emoten. Gaki ge geure geroa euskeraz eregiteko. Gaki ge Brebeta eta Baxoa euskeraz izan daitezan lortzeko. Gaki ge euskerearen ofizialtasuna lortzeko.
GAKI GE lemeak soinu orientala dauen legez, logoak be grafismo orientala dakarsku gogora; batzuek jantzari bi be ikusten ditue irudian. Lauburu bat eta ikurrina bat be ikus daitekez.
Irudimena bururaino eroanez, ordenagailu mobikor bat be ikus daiteke, euskerea, bizitako arlo guzietara, eremu erreal eta birtualera be zabaltzeko gaki ge!
Bob Xapela
Herri Urrats lehen edizinoko argazkitik, urtez urte argazki guztietan errepetiduten dan elementu bat da bob formako xapela eta aurten, logo bihurtu dogu urtez urte Herri Urratsen hainbeste agertu dan xapela.
Kantua
Berbak Ortzi Idoate bertsolariak idatzi ditu eta taldea, barriz, Diabolo Kiwi da, 2018an osotutako laukote garaztarra: Leire ahotsa eta tekladuak, Julen bateria, Allande gitarra apalean eta Amaiur gitarran. Funka dabe ardatz baina pop doinuetara lerratzea maite dabe, rock zatiak baztertu barik.
Igazko zezeilean, Seaskaren 50. urtebetetzean parte hartu eben Miarritzeko Irati gelan. Udabarrian argitaratu eben bost kantuz osotutako lehen diskoa. Udan lan hau aurkeztu eben Euskal Herriko plazetan, eta duda barik, garagarrilean zazpi lurraldeetan egindako astebeteko birea izan da taldearen 2019ko momenturik gogoangarriena.
2020. urtea aurtengo Herri Urratsen kantuaren grabaketeagaz hasi dabe, Senperen joteko gogo handiagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!